Cikautxo kooperatibak lantegi berri bat irekiko du Errumanian, maiatzean
Laster irekiko duten lantegi berriagaz, bederatzi filial izango ditu Berriatuan egoitza nagusia duen taldeak. Zortzi milioi euroko inbertsioa egin du lantegi berria zabaltzekoCikautxo kooperatibak nazioartera zabaltzen jarraitzen du, eta zeregin horret...
Laster irekiko duten lantegi berriagaz, bederatzi filial izango ditu Berriatuan egoitza nagusia duen taldeak. Zortzi milioi euroko inbertsioa egin du lantegi berria zabaltzeko
Cikautxo kooperatibak nazioartera zabaltzen jarraitzen du, eta zeregin horretan aurten beste pauso garrantzitsu bat emango du taldeak. Izan ere, Errumanian lantegi berri bat zabalduko duela jakitera eman berri du. Zehaztu dutenez, maiatzean hasiko da produzitzen.Lantegi berrirako inbertsioa 8 milioi eurora iritsi da, eta jariakinak eroateko produktuak fabrikatuko dira automobilgintzaren sektorerako. Hala, bezero nagusiak Volkswagen eta Renault izango direla azaldu dute.
Lantegia Cluj inguruan dago, herrialdeko ipar-mendebaldean, eta 150 pertsona enplegatuko ditu. Horrela, Txekiar Errepublikan eta Eslovakian dituen instalazioekin batera, Europako erdi-ekialdean erantzungo die bere bezeroen eskakizunei.
Nazioarteko profila
Errumaniako fabrika gehituta, Cikautxo taldeak bederatzi filial ditu.
Berriatuan dago taldearen egoitza nagusia, eta aurten salmentetan 100 milioi euroko errekorra lortu du.
Beste lau filial ekoizpen zentroak dira (Zaragoza, Txekiar Errepublika, Eslovakia eta Errumania); eta beste hirutan ekoizpena eta produktuaren garapena lantzen dute, Asiako (Txina eta India) eta Ipar Amerikako (Mexiko) merkatuen beharrak asetzeko.
Horri guztiari Detroiten (AEB) duen ingeniaritzako bulegoa gehitu behar zaio.
Europari dagokionez, posizionamendu global horri esker, Cikautxok aurten 5 milioi eurotan handitu ditu salmentak egoitza nagusian, eta Europa Ekialdean ere hazkunde sendoa izaten ari da.
2.800 langile
Gaur egun Cikautxo taldeak 624 langile ditu Berriatuan, baina taldea osorik hartuta, 2.800 pertsonari ematen die lana. Taldeak enpleguaren zifrak handitzen jarraitzea espero du, batez ere «kualifikazio handiko posizioetan, ingeniaritzetan eta erdi eta goi mailako tituludunetan».
Zehatz esateko, 2016. urte honetarako aurreikuspenek diote 2.950 pertsona izango direla, eta horietatik 650 Berriatuko lantegian.
Taldeak 225 milioi euroren salmenta bateratuekin amaitu zuen 2015. urtea, hau da, %15eko hazkundea izan zuen 2014. urtearekiko. Aurtengo ekitaldirako ere %15eko hazkunde maila errepikatzea aurreikusi du, eta 260 milioi eurora ailegatzea.
Espero duten hazkundea Europan (+%12) zein munduko gainerako merkatuetan oinarritzen da. Izan ere, Txina, Mexiko eta Indiako filialak erritmo bizian haziko dira (+%57).
Markina-Xemeingo biltegia
1971an zabaldu zutenetik hasten joan da Berriatuako kooperatiba, eta urte hauetan eskualdeko bizilagun askori eman die lana. Egoitza nagusia Berriatuan badauka ere, Markina-Xemeingo Karia industrialdean biltegi bat zabaldu zuen 2013ko martxoan.
Cikautxoko bezeroei egunero bidaltzen zaizkien kamioiak handik ateratzen dira. Eraikinak 6.000 metro karratu ditu eta horietatik 4.600 logistikako zentro modura erabiltzen dituzte. Beste 1.400 metro karratuetan material birrindua egiten dute.