Denboraldiko lehen antxoa aleak urrezko prezioan saldu dituzte Ondarroan
Sortarik garestienean antxoa kiloa 17 euroan ordaindu da. Arraina kostaldetik nahikoa hurre aurkitu dute; Matxitxako lurmutur inguruetan batzuetan eta Getaria parean beste hainbatetanAntxoa kostera atzo goizaldean zabaldu zuten, eta horrekin batera, le...
Sortarik garestienean antxoa kiloa 17 euroan ordaindu da. Arraina kostaldetik nahikoa hurre aurkitu dute; Matxitxako lurmutur inguruetan batzuetan eta Getaria parean beste hainbatetan
Antxoa kostera atzo goizaldean zabaldu zuten, eta horrekin batera, lehen antxoa aleak ikusi ziren hainbat portuetan. Ondarroan, esate baterako, hiru ontzik harrapatutako arraina saldu zen, goizeko lehen orduetan. Bermeon, aldiz, kosterako lehen egunean ez zuten ale bakar bat ere deskargatu.Arrantzaleek jakitera eman zutenez, kostaldetik nahikoa hurre harrapatu zuten arraina. Kasu batzuetan, Matxitxako lurmuturra eta Santurtzi artean arrantzatu zuten antxoa, eta beste kasu batzuetan, ostera, Getaria parean.
06:30ak orduko, hiru turrun entzun ziren, eta baxurako arrantzaleek antxoa porturatuko zutela jakiteagaz batera, benta eta inguruetara jakingura zeukaten hainbat herritar hurreratu ziren.
Santoñako (Kantabria, Espainia) Nuevo Libe ontziak lehorreratu zituen lehen antxoa aleak Ondarroako portuan. Guztira, 728 kilo deskargatu zituzten Santoñako ontziko marinelek.
Tamaina txikikoa
Lehen bentari dagokionez, 10 euroan jarri zuten irteera prezioa, eta handik gutxira saldu zen 105 kaxako lehen arrain sorta; kiloa, 9,95 euroan. Zehatz esanda, Pescados Bereziartuak erosi zituen denboraldiko lehen antxoa aleak, eta portuan zabaldu zenez, Eroski supermerkatu sarerako erosi zituen Bereziartuak.
Egia esan, nahikoa antxoa gutxi saldu zen atzo, baina prezio aldetik, garesti saldu zen. Kalare Deuna kofradiako arduradunek nabarmendu zutenez, gainera, atzo saldutako aleak tamaina aldetik nahikoa txikiak izan ziren; kiloan 50 bat ale ingurukoak.
09:00ak inguruan, ostera, beste bi ontzik harrapatutako antxoa saldu zen Kalare Deunako bentan. Laredoko (Kantabria, Espainia) Nuestra Madre Juanita ontziko marinelek, esate baterako, 49 kaxa deskargatu zituzten; 350 kilo inguru. Kasu horretan, bentako irteera prezioa 15 euroan hasi zen, eta kiloa 14,95 euroan ordaindu zuten.
Bestalde, Gorostiaga ontziko arraina kamioian ekarri zuten, Santurtziko portutik zuzenean. Guztira, 33 kaxa saldu ziren, eta kiloa 17 euroan ordaindu zen.