Mutrikun bizi den
Inhar Mutiozabal (Zarautz, 1985) argazkilariak Espainiako Fotografos de boda lehiaketan
ohorezko aipamena jaso du, konposaketa atalean. Bere lan egiteko moduagatik
Wedphoto Spain,
Zankyou eta
Bodas.net ataletan aipamen bereziak jaso ondoren, orain, argazki teknikari dagokion saria jaso du
Portugalen ateratako argazki bategatik.
Saria jaso duen argazkia. Argazkia: Inhar Mutiozabal
Zenbat argazkilarik parte hartu dute sariketan?
Lehiaketan 700 ezkontza argazkilari inguruk parte hartu dute, eta nazioartean ospea duten argazkilariek osatu dute epaimahaia; besteak beste,
Roberto Panciatici (Italia),
Michel Quijorna (Espainia) eta
Yure Richard (Brasil). Bakoitzak sei argazki bidaltzeko aukera izan du, eta bidali diren 4.200 argazkien artean, 42 aipamen banatu dituzte, horietako bat nirea.
Zelan eman dizue sariaren berri?
Antolatzaileek komunikatu bat bidali zuten sariak argitaratu zirela, eta begiratzen hasi nintzenean, tartean, nire izena ikusi nuenean asko poztu nintzen. Asko miresten ditudan argazkilari ospetsuen ondoan nire izena ikustea, ikaragarria izan da. Egia esan, nazioartean prestigio handia duten argazkilariek osatzen dute epaimahai batek horrelako sari bat ematea, egindako lan onaren aitortza da. Urte osoan hainbat lanketa egiten aritu gara, eta orain, dirudienez, egindako lana bere fruituak ematen ari da.
Zer du berezia argazki honek?
Nire ustez, teknikoki oso ondo egindako argazkia da. Mahatsondoei esker, oso ondo lerrokatuta dago, eta horrek konposizio aldetik asko laguntzen du. Baina horrez gain, argazkia simetrikoa eta testura handia du, mahatsondoei esker.
Inhar Mutiozabal, saria jaso duen argazkiarekin batera, bere estudioan
Saria jaso duen argazkia non ateratakoa da?
Portugalen, Viseu izeneko herri batean ateratako argazkia da. Hango ardoa oso ezaguna da, eta argazki erreportajea han inguruetan dauden mahastietan ateratzea erabaki genuen. Argazkia, hain zuzen ere, erreportajean atera genituen azken argazkietako bat izan zela uste dut. Eta, egia esan, argazki hori oso gustuko dut. Izan ere, saria eman aurretik ere, dendan eskegita nuen.
Argazkian agertzen diren senar-emazteek ba al dakite honen berri?
Bai, asko poztu direla esan didate. Oso gustura egon ziren argazkiak ateratzen, eta beraientzat ere, argazki hori berezia da.
Lehiaketara aurkeztu zaren lehen aldia izan da?
Aurreko batean beste lehiaketa batetara bidali genituen beste argazki batzuk, baina hor ez genuen saririk jaso, eta oraingo honetan, aipamen berezia jaso dugu.
Lehiaketara bidali zenituen argazkiak koloretan ala zuri-beltzekoak ziren?
Denetik bidali nuen, baina, batez ere, zuri-beltzean dauden argazkiak gogokoagoak ditut.
Zergatik?
Koloretan ere asko lan egiten baldin badut ere, zuri-beltzeko argazkiak nahiago ditut. Nire ustez, zuri beltzeko argazkiak oso dotoreak dira, eta urteak pasatzen badira ere, ez dira inoiz modaz pasatzen.