Etxebarriko Gazte Asanbladak antolatuta, Etxebarritik eta Kalamuara arteko igoera egin da gaur [martxoak 5] goizean, hamargarrenez. Probak iraun duen artean, behintzat, ez da korrika egiteko girorik egon, eta hala ere,
5 kilometro inguruko igoera eta 600 metroko desnibela igotzera animatu diren parte hartzaileak 20 izan dira.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gaurkoan iaz baino jende gutxiagok parte hartu du, baina zegoen giroa ikusita, pozik eta gustura agertu dira parte hartzeagaz. “Gazte Asanbladako kideok oso pozik gaude. Egon den eguraldi txarra kontuta hartuta, aurretik izena emanda zutenez gain, beste laurek eman dute izena goizean”.
Parte hartzaileak irtetzeko prest
Euriari eta hotzari aurre egiten ausartu diren korrikalariek 10:30ean hasi dute lasterketa, Olaia tabernaren aurrean. Asun Arrietak herriko plazatik bolandera bota orduko, parte hartzaileek zistu bizian irten dute. Lasterketaz gain, oinezko froga bat ere egingo da, 09:15ean hasita. Oinezko horiek Kalamuara gora joan direnak animatzen aritu dira.
Zegoen eguraldiarekin tontorrera ailegatzea ez da lan erraza izan. Eika paretik hasita, bide guztia aldapa goran egin behar izan dute parte hartzaileek, eta
bide guztia lokaztuta topa baldin badute ere, zailtasunak zailtasun, guztiak heldu dira
elurtuta zegoen helmugara. “Tontorrean orkatilaraino elurra dago”, azaldu dute antolatzaileek.
Garazi San Pedro (ezkerrean) saria jasotzen. Argazkia: Etxebarriko Gazte Asanblada
Parte hartzaileei dagokienez, lasterketaren buruan zeudenen artean lehia oso estua izan baldin bada ere, tontorrera heltzen lehenengo mutila Elgoibarko Iban Murua izan da; 30 minutu eta 56 segundo behar izan ditu. Nesken artean, irabazlea, ostera, Atxondoko Garazi San Pedro Arando izan da; 51 minutu eta 51 segundo egin ditu tontorrera igotzen.
Helmugara heldu eta arropaz aldatu ostean, Olaianean batu dira sari banaketa eta hamaiketakoa egiteko.