Euskal Herriko Kluben arteko txapelak jantzi dituzte asteburuan, Berriatuko eta Mutrikuko zesta-punta eskoletako pilotariek. Gazte mailan nagusitu dira Mutrikuko Danok Bat taldeko puntistak, Berriatua berriz, nagusien mailako eta ohorezko mailako irabazlea izan da.
Asteburuan amaitu da Euskal Herriko kluben arteko Txapelketa. Lau herrialdeetan jokatu dira jaialdiak, pilota modalitate guztietan.
Markina-Xemeingo frontoi nagusian lortu zituen zesta-puntako bi tituluak Berriatuak, zapatuan. Ohorezko mailako lehia Antxon Alberdik eta Gorka Aldazabal
Ubillak irabazi zuten Donostiko Alberro anaiei 35 eta 23 irabazita. Maila handia erakutsi du Berriatuko bikoteak ligaxka osoan, partida bakarra galduta, eta zapatuan ere ez zuten hutsik egin. 10. tantora arte berdintsu ibili ziren bikoteak, baina hortik aurrera ihes egin zieten Berriatuko pilotariek Donostiakoei partida erraz irabaziz.
Berriatuko eskolako pilotari eta arduradunak txapelketak irabazi ostean. Argazkia: Berriatuko Zesta-Punta Eskola
EH Ligako partida estuagoa izan zen. Berriatuko zein Mutrikuko Danok Bat taldeko pilotariak partida bikaina eskaini zuten, eta beraz, partida luze eta gogorra izan zen pilotarientzat. Aste guztia partida hori prestatzen ibili ondoren, joko ona erakutsi zuten Julen Iriondo eta Txomin Bereziartua Berriatuko eskolako pilotariek. Hasieratik jarri ziren aurrean, bost-sei tantoren aldeagaz eta alde hori mantentzea lortu zuten amaieran ere. 35 eta 30 irabazi zieten amaierara arte gogor borrokatu zuten Goenagari eta Andonegiri.
Barikuan, Mutrikuko Miruaitz frontoian jokatu zuten pilotari eta arduradunak. Argazkia: Danok Bat
Barikuan, Mutrikuko Miruaitz frontoian, gazteak eta kadeteak izan ziren protagonistak. Gazte mailan, esaterako, etxean geratu zen txapela. Danok Bateko Ekaitz Mendizabal
Goixerrik eta Mikel Manzisidorrek 35-18 irabazi zioten Gasteiz Jai Alaiko Aaroni eta Larrazabali.
Danok Bateko arduradunen iritziz, bi bikoteen arteko lehia oso estua izan zen lehen tantoetan. “Gure bikotea, hasieratik, ondo hasi zen, eta gerokoan, markagailuan aurrea hartzea lortu zuten. Aurkari bat beste buruarekin haserretu, eta hormari ostikoa eman, eta mina ere hartu zuen. Hortik aurrera, Goixerrik eta Manzisidorrek nahikoa erraz lortu zituzten azken tantoak”.
Kadete mailan, berriz, Markina-Xemeingo puntistek ezin izan zuten txapelik lortu. Kepak eta Danelek 19-30 galdu zuten Zumaiako Agirreren eta Lopezen aurka. Zumaiarrek partida hasieratik lortu zuten abantaila mantendu zuten azken tantora arte.
Iparraldeko txapela ere bai
Mutrikuko Danok Bat pelotazale elkarteko gazteek, gainera, Iparraldeko txapelketaren finala ere jokatu zuten zapatuan [martxoak 5] Biarritzeko Euskal Jai Berri pilotalekuan, gazte mailan. Danok Bateko Goixerrik eta Manzisidorrek ez zuten partida ondo hasi, baina tantoak egin ahala, konfiantza hartzen joan ziren, eta azkenean, 35-25 irabazi zioten Donibane Lohitzuneko bikoteari. Bikoteak, hartara, bi txapel lortu ditu asteburuan.
Iparraldeko Txapelketako finalistak. Argazkia: Danok Bat
Eskupilota
Azkoitiako Gurea pilotalekuan jokatu zituen EH kluben arteko 22 urte azpikoetako finalak Markina-Xemeingo taldeak. Partida gaitza zeukaten aurretik LAZPKEren kontra, eta ahalegindu ziren arren, Arrizabalagak eta Arrasatek ez zuten txapelik lortzerik izan. Markina-Xemeingo bikoteak ligaxka bikaina egin du, baina, bertan ere, ezin izan zioten LAZPKEri irabazi eta berdina gertatu zaie finalean ere. 11 eta 15 tantora joan ziren irabazten, baina LAZPKEko bikoteak markagailuari buelta ematen jakin zion.
Markina-Xemeingo kadeteak ere maila onean ibili dira eta finalen atarietan geratu ziren, azken finalaurrekoa galduta.