Eskualdeko gazteei enplegua bilatzen laguntzeko HAZILAN proiektuarekin bat egin du Leartibai Garapen Agentziak
“Langabezia egoeran dauden edo ordu gutxiko lana eta esperientzia gutxi duten 20 eta 35 urte bitarteko gazte kualifikatuak, unibertsitateko edo lanbide heziketako goi mailako zikloko titulatuak, merkatuan sartzen lagundu nahi duen proiektua da HAZILAN”, azaldu dute Leartibai Garapen Agentziako arduradunek. Bi fasetan banatzen den ibilbide pertsonalizatu baten oinarritutako metodologia berritzaile bat proposatzen dute horretarako.
- Lehenengo fasea, Aktibatu deritzona, pertsonen motibazioa, inplikazioa eta aktibazioa sustatzean datza. “Coach baten laguntzarekin alderdi psikologiko eta emozionalekin lan egingo da, lanbide garapena lortzeko eta laneratzeko konpetentziak lantzeko”.
- Bigarren fasea, Lanekin deiturikoa, enpresetan 300 ordu inguruko prestakuntza egitean datza. “Enpresa bateko lanpostu jakin baterako egin beharreko funtzioak ikasten dira enpresa horretako irakasle baten laguntza eta ikuskapenarekin”.
Lea-Artibai eskualdean Aktibatu fasea apirilaren 4tik 28ra bitartean garatuko da. 9:00etatik 14:00etara, Markina-Xemeinen kokatzen den Lea-Artibaiko Berrikuntza Gunean. Lanekin bigarren faseko formakuntza praktikak, berriz, lehen fasea amaitu ostean egingo direla azaldu du eskualdeko garapen agentziak, enpresa bakoitzaren beharrizanen arabera.
Proiektu honetan parte hartu nahi duten gazteak Leartibai Garapen Agentziarekin harremanetan jarri behar dira martxoaren 11rako. 94-616 90 88 telefono zenbakira deituta, nurrutibeaskoa@leartibai.com helbide elektronikora idatzita edo WhatsApp bidez 645 009 475 telefono zenbakira mezu bat bidalita.
Deialdi honetarako, oraindik, lekua dagoela jakitera eman dute Leartibai Garapen Agentziakoek, hala ere, 2020ra arte abian dagoen proiektu bat denez, izena ematen dutenen artean Leartibai Garapen Agentziak partaide posibleen poltsa bat sortuko du.