Lekeitioko ume eta gazteek zesta-punta praktikatzeko aukera izango dute domekero, 11:00tik 14:00etara, Santi Brouard frontoian, Akarregi klubaren barruan zesta-punta eskola bat sortu dute eta.
Zapatuan aurkeztu zuten Santi Brouard frontoian, zesta-punta talde berria. Aurkezpenean erakundeetako ordezkariak eta Mutrikuko eskolako umeak egon ziren, eta kinieletako erakustaldi bat ere eskaini zuten.

Akarregi zesta-punta taldearen aurkezpena. Argazkia: Xistera
Herriko umeek, gainera, plastikozko zestaz aproba egiteko aukera ere izan zuten, eta Abel Retolaza Lekeitioko arduradunak azaldu duenez, zestarekin aproba egin nahi izanez gero, domekero Santi Brouard frontoira hurbiltzeko aukera daukate neska-mutilek.
Galletebeitia eta Retolaza bera egongo dira monitore moduan bertan.
Zesta-punta bultzatzeko gogoa erakutsi zuen bai eta
Koldo Goitia Lekeitiko alkateak ere. “Zesta errekuperatu nahi dugu, hemen ere kirol garrantzitsua izan zen eta orain, Akarregigaz batera, modalitatea bultzatuko dugu”, azpimarratu zuen.
Ibon Urreisti Xisterako presidenteak zesta puntarentzat egun zoriontsua zela nabarmendu zuen. “Lekeition eskola bat irekitzeko aukera izan dugu. Garai hauetan, kirol eskaintza zabala dago eta ez da erraza umeak erakartzea, baina hasteko beharra geneukan, bide onetik goaz eta Udaleko eta erakundeetako laguntza izatea espero dugu”.

Umeen zesta-punta erakustaldia. Argazkia: Xistera
Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentea ere egon zen Akarregi klubeko zesta talde berriaren aurkezpenean, eskola berriari babesa emanez. “Zoritxarrez, zesta punta egoera larrian dago. Hori dela eta, bultzatu nahi dugu, eta denen laguntzaz aintzinako egoerara bueltatzea espero dugu. Lekeitio herri garrantzitsua da, ez bakarrik zesta praktikatzeko, udan etortzen diren bisitari guztiei ezagutzera emateko ere”.
Bukatzeko,
Josu Itza Lekeitiko Kiroletako zinegotziak zesta gaur egun, Lekeition, ez dagoela indartsu esan zuen pena bat dela gaineratuz, eta umeak animatu zituen parte hartzera. “Ea ume asko animatzen diren eta probatzen duten”.

Plastikozko zestak probatzen. Argazkia: Xistera