Hondartzaren pabilioian, eskolaz gain surf kluba ere egotea da Mendexako udalaren asmoa. Udarako zabaltzea espero dute, baina, horretarako, aurretik, Bizkaiko Foru Aldundiak eraikina atondu behar du.
“Komunak berrituko ditu aldundiak, eta asmoa da erdian eskola egotea, eta barrurago surf kluba”, azaldu du Jesus Mari Anakabe Mendexako alkateak.

Artzabal Surf Eguneko irudi bat. Argazkia: Artzabal.
Izan ere, eraikina aldundiarena da, baina, erabilera ematen dion bitartean udalari utziko dio.
Surf eskola udako hilabeteetan bakarrik ez, ahalik eta denbora gehienez martxan egotea da asmoa: “Pixka bat luzatzea da nahiko genukeena, aukera badago gutxienez sei hilabetetan edo zabalik egotea”.
Lea-Artibain lehena
Eskola umeek surf-a zein bestelako itsas-jarduerak praktikatzeko aproposa dela uste du alkateak. Eta horrez gain, kanpoko bisitariak erakartzeko ere baliagarria izango dela pentsatzen du. “Gainera, abentura parkea prest dagoenean, pakete turistikoak eskaintzea da asmoa, kanpin eta nekazal etxeak ere badaude herrian, eta horrela turismoa bultzatuko genuke”.
Lea-Artibaiko hondartzen artean surf eskola izango duen lehenengoa izango da, eta eskola zabaltzen duen enpresaren arabera, surf-az gain bestelako ekintzak ere egin ahalko dira Karraspion.
Aldundiak lanak noizko amaituko dituen zain dago udala, eta eraikina prest dagoenean surf eskolaren esleipena egingo du. “Oraindik datarik ezin dugu eman, baina espero dugu udaren hasierarako dena martxan egotea”.