Mallabiko Biharko Izarrak,
afizionatu mailako pilotaririk onenen arteko lehia jokatuko du, aurten ere, Markina-Xemeingo Eskupilota Taldeko
Mikel Urizarrek. Joan den eguenean hasi zuen txapelketa eta maiatzaren amaierara arte izango ditu partidak Mallabiko pilotalekuan.
Binaka eta lau t’erdian jokatuko dute txapelketa aurten ere: 24 pilotari binaka eta 8 kaiolan. Txapelketaren sisteman ez dago aldaketarik eta urteroko antolaketa bitxi bezain erakargarriari eutsi diote: multzo bitan banatutako pilotariek —seina aurrelari eta atzelari bakoitzean—, ez dute bikote finkorik izango. Horrela, asterik astera txandatu egingo dira, multzo bakoitzeko aurrelari bakoitzak atzelari denekin jokatu arte. Partidurik gehien irabazi duten aurrelari eta atzelariak sailkatuko dira finalerdietarako.
Mikel Urizar Markina-Xemeingo Eskupilota Taldeko pilotaria.
Aurten ere txapelketan parte hartzeko
eskari mordoa jaso dute Mallabia pilota elkarteko kideek, eta horien artean aukeratu behar izan dute. Ohi moduan, gazteen aldeko apustua egin dute eta pilotaririk gehienak 22 urtez azpikoak dira.
Unai Laso eta Joseba Sarasa nafarrak eta Iraitz Zubizarreta gipuzkoarra izango ditu aurkari, besteak beste Urizarrek. Hirurak
aurkari gogorrak. Zubizarretak, esaterako, Zaldibarko Olazar pilota txapelketan lau t’erdiko txapela jantzi zuen iazko Gabon zaharretan. Durangaldeak ordezkari bakarra izango du: Iurretako pilota taldeagaz diharduen Gorka Otaduy berriztarra.
Txapelketako jardunaldirik gehienak
eguen iluntzeetan jokatuko dituzte bai eta asteburu bakar batzuetan ere.
Joan den eguenean jokatu zuen lehen jardunaldia Urizarrek eta bihar [martxoak 10] izango du bigarrena. Lehenengoa ondo joan zitzaion, eta irabazi egin zuen, bihar, Bakaikoa bikote duela, Prieto eta Etxebarriaren kontra ariko da 21:15etik aurrera.