Antxoeta hasi zenetik, baxurako ontziek martitzenean [martxoak 8] porturatu zuten Ondarroan antxoa kopururik handiena. Guztira, Getaria parean harrapatutako 101.000 kilo lehorreratu zituzten 25 bat ontzik. Eskaintza nabarmen hazi zenez, gainera, prezio aldetik ere aurreko astean baino merkeago saldu zen arraina;
2 euro bueltan.
Arrantzaleak antxoa deskargatzen Ondarroako portuan
Tamainari dagokionez, oro har, antxoa gaztea harrapatzen jarraitzen dute arrantzaleek. Martitzenean, esaterako, kiloko 44 eta 50 ale bitartekoa izan zen, eta eguaztenean [martxoak 9] porturatu zuten antxoa zer edo zer txikiagoa izan zen, kiloko 48 eta 50 bitartekoa. Arrantzaleek nabarmendu dutenez, oraingoz, antxoa handi gutxi harrapatzea lortu dute. “Oro har, oso txikia ari dira arrantzatzen. Alerik eta handienak, kiloan 36 ale ingurukoak, Kantabria eta Asturias mugan arrantzatu dituzte, San Vicente de la Barqueratik (Kantabria, Espainia) nahikoa hurre, baina, kopuru oso gutxian”.
Atzo [martxoak 9] arrantzaleek
ez zuten zorte handirik eduki, eta hortaz, antxoa gutxi lehorreratzea lortu zuten. “Asko esku hutsik bueltatu ziren; antxoa ezin aurkituta ibili ziren eta. Lau ontzik bakarrik aurkitu zuten antxoa, Bermeo parean”.
Lau ontzi horiek, hain zuzen ere, 19.000 kilo antxoa lehorreratu zituzten Ondarroan, eta eskaintza nabarmen txikiagoa izan zen, prezio aldetik garestiagoa saldu zen,
5 euroren bueltan.
Antxoa kaxak kofradiako pisuan
Gaur [martxoak 10], ordea, eguraldi txarra dagoela eta, ez da bentarik egon. Ontziteriak lotuta jarraitzen du, eguraldiak onera noiz egingo duenaren zain.
Bestalde, berdela harrapatzea baimenduta baldin badago ere, arraina noiz agertuko den zain jarraitzen dute. Arrantzale askorek datorren astean zer edo zer arrantzatzea espero dute, “eguraldiak lagatzen baldin badu behintzat”.
MARTITZENA [martxoak 8]
- Antxoa. 101.000 kilo; 2,06 euro, bataz beste.
- Sardina. 2.200 kilo; 2,14 euro, bataz beste.
EGUAZTENA [martxoak 9]
- Antxoa. 19.000 kilo; 4,90 euro, bataz beste.