Mutrikuko San Miguel futbol zelaia errugbizale gazteen bilgunea bihurtuko da domekan [martxoak 13]. Hain zuzen ere, Mutrikuko Errugbi eskolak antolatuta, Mutrikuko II. Errugbi topaketak egingo dira 10:00etatik 13:00etara. Antolatzaileek harmailak betetzera gonbidatu dituzte herritarrak. “Parte hartzaileek animoak asko eskertuko dituzte”.
Orain bi urte San Miguel zelaian jokatutako topaketak. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Bi kategoriatan banatuta,
10 urtez azpikoak eta 12 urtez azpikoak, 10 minutuko erakustaldi partidak jokatuko dituzte 180 bat parte hartzailek. Mutrikutik 30 gaztetxok parte hartuko dute topaketan, eta eurekin batera, Eibar, Ordizia, Errioxa, Zarautz eta Lasarte-Oriako Beltzak batuko dira zelaigunean. “10 urtez azpiko kategorian, Mutrikuko bi taldek parte hartuko dute, eta 12 urtez azpikoan, aldiz, Eibarrekin batera osatuko dugu taldea. Mutrikuko errugbi taldea orain 20 urte desagertu zen, eta orain, hainbat talde batzea guretzako oso pozgarria da”.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, futbol zelaia lau zatitan banatu, eta hor ariko dira jokoan erakustaldiko parte hartzaileak. Ondoren, hirugarren denbora deritzona egingo dute, 12:30ak aldean. “Parte hartzaileek, indarrak berreskuratzeko, ogitarteko batzuk jateko aukera izango dute, edari batzuekin batera”.
Mutrikuko Errugbi eskolako kideak. Argazkia: Mutrikuko Errugbi eskola
Bestalde, egun berean taldeak ekipazio berria ere aurkezteko aukera ere izango du. Azkenik, Mutrikuko produktuekin osatutako saskiaren zozketaren irabazlea ere bertan emango dute jakitera.