XI. Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketa amaierara ailegatu da.
Domekan [martxoak 13] jokatuko dira finalak
12:00etan,
Lekeitioko trinketean.
Orbeak eta
Arratek,
Telleria eta
Bastidaren aurka neurtuko dituzte indarrak.
Bastida, Telleria, Arrate eta Orbea pilotariak Lekeitioko trinketean. Argazkiak: Beteranoen Txapelketa
Beteranoen finala jaialdi handi bat izango da. Lagunarteko partida jokatuko dute hasteko, 10:00etan,
Astigarragak eta
Egañak (Deba-Mendaro)
Beraza eta
Etxebarria elgoibarterren kontra. “Astigarraga, txapelketako beteranoena da 61 urtegaz eta partida honetan Mendaroko Egaña laguntzagaz, elgoibartarrak mendean hartzen saiatuko da. Gainera entrenamenduko kideak ditu eta aurreko partida galdu zuenez, arantza kentzen saiatuko da”, azaldu dute antolatzaileek.
11:00etan, lagunarteko partidaren ostean, 3. eta 4. postuak erabakiko dira.
Moral lekeitiarra eta
Laka mendexarra daude alde batetik, eta
Jaunarena nafarra eta
Foster lekeitiarra, bestalde. Lehenengoak ateratzen dira 3. postua lortzeko faborito modura, aurreko urteetan ere dema horretan arituak direlako. Baina, Jaunarenak eta Fosterrek ez diete gauzak erraz ipiniko. “Jaunarena nafarra bere efektu bikainak erabiltzen saiatuko da aurrean eta Fosterren atzeko ziurtasunak zail ipiniko diote partida irabaztea”.
Finalekoa izango da azken partida, eta
emozioz betea izango dela aurreikusten da. Orbeak lehen aldiz parte hartu du beteranoen txapelketan, baina partidatik partidara hobekuntza nabarmena erakutsi du. Atzekaldea ondo zainduta edukiko du bestalde, Arratek. Azken lau urteetako txapeldunak bere bederatzigarren finala jokatuko du aurten.
Telleria eta Bastida dira XI. txapelketako faboritoak. Momentuz ez dute partidarik galdu eta sasoi onean daudela erakutsi dute. Dena dela, dena erabakitzear dago. Finalak ezustekoak ematen dituzte eta urduritasunak gehiago egin dezake.
Txapelketaren amaieran, otzara bat zotz egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek eta partaide eta laguntzaileek hamaiketakoa izango dute Trinkete tabernak eskainita.
FINALAK
- 10:00. Lagunartekoa: Asti-Egaña/Beraza-Etxebarria
- 11:00. 3. eta 4. postuak: Moral-Laka/Jaunarena-Foster
- 12:00. Finala: Orbea-Arrate/Telleria-Bastida