Euskadiko Euskal Pilota Federazioak antolatuta, asteburuan hasiko da GRAVNI federazioen arteko txapelketa. Bihar [martxoak 11] hasi, eta apirilaren 17ra bitartean,
bost jardunaldi jokatuko dituzte Bizkaiko, Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako, Iparraldeko eta Errioxako pilota federazioek. Finalerdiak eta finalak, aldiz, apirilaren 24ko eta maiatzaren 1eko asteburuetan jokatuko dira, hurrenez hurren.
2015eko GRAVNI txapelketako finalistak
Zesta-puntan eta esku pilotan jokatuko dute bertoko hainbat jokalarik.
Txapelketa hasten lehenengoak Gipuzkoako zesta-puntako jokalariak izango dira. Hala, zapatuan [martxoak 12], 16.30ean, Gipuzkoak Nafarroako taldearen aurka jokatuko du, Cabanillasen (Nafarroa). Bizkaiko jokalariek, aldiz, ez dute asteburu honetan partidarik jokatuko.
Zesta-puntari dagokionez,
gazte eta 22 urtez azpiko kategorietan hainbat mutrikuarrek parte hartuko dutela adierazi du Jon Mendizabal
Goixerri Gipuzkoako zesta-punta hautatzaileak. Gazte mailan, esaterako, bikote titularra bi mutrikuarrek osatuko dute: Ekaitz Mendizabalek eta Mikel Manzisidorrek, hain zuzen. 22 urtez azpikoetan, ordea, Aitor Andonegi mutrikuarrak Zumaiko Koxmerekin osatuko du bikotea. Azkenik, nagusi mailan, Unai Alberro donostiarrak eta Unai Uranga zumaiarrak defendatuko dituzte gipuzkoaren koloreak.