Abenduan
Eratu taldeak bere estudioko hirugarren lana kaleratu zuen: Bidea (
Mauka musikagintza, 2015). Aitor Agirre (bateria eta koroak), Joseba Luzuriaga (baxua eta koroak) eta Unai Olalde (gitarra eta ahotsa) zuzenekoekin hasita daude, eta hurrengo kontzertua martxoaren 18an, 23:00etan, Ondarroako Portuko Ranpan emango dute,
Radixu Irratiaren 25. urteurreneko ospakizunen barruan. Aitor Agirre (Ondarroa, 1987) taldeko bateria-jotzaile ondarrutarragaz batu da
HITZA kontzertuaren nondik norakoak jakiteko.
Eratu hirukotea. Argazkia: Eratu
Hainbat zuzeneko eman dituzue. Ondarroako taula gainera igotzeko gogoagaz zaudete?
Niretzat kontzertu garrantzitsua da. Azkenengo, orain bi urte jo genuen, gure bigarren diskoaren barruan, jaietan, Musika Plazan, eta hirugarren diskoaren biran ere, dudarik barik, Ondarroakoa errepikatu egin behar zela iruditu zitzaigun. Gure asmoa, gutxienez, eskualdeko herri bakoitzean kontzertu bat eskaintzea da.
Orain arteko zuzenekoekin gustura geratu zarete?
Bai, noski. Orain arte jo ditugun kontzertuetan, jendearen aldetik harreman ona izan dugu, eta gu ere, oso gustura geratu gara. Biran, batez ere, disko berriko kantak ari gara jotzen, eta tartean, aurreko bi diskoetako kanturen bat edo beste ere jo ditugu.
Zelako zuzenekoagaz zatozte?
Taulagainean oso talde indartsua gara. Ez gara asko, baina, zuzenekoan beti ondo moldatzen gara. Betiko formatuan gatoz, aldaketa handirik barik.
Kaleratu duzuen lehen singlea ere ezaguna bihurtu da. Zuen kontzertuetara jende gehiago hurreratu dela igarri duzue?
Bai, zer edo zer gehiago datorrela igarri dugu. Baina, ez pentsa, Euskal Herri mailan ez gara hain talde ezaguna.
Hirugarren estudioko lana aurkeztera zatozte. Zein ezberdintasun aurki ditzakegu aurreko bi lanekin alderatuta?
Musika estilo aldetik lan desberdina da, aurreko bi lanekin alderatuta aldea badago. Beste musika talde batzuk entzuten hasi gara, eta, beharbada, beste musika estilo batzuen eragina dago oraingo lan honetan. Nire ustez, abestiak melodikoagoak dira pop rock estilotik hurbilagoak, eta gitarra aldetik ere, moldaketa gehiago daude. Hori bai, gure ohiko metal oinarria ahaztu barik gatoz. Horrez guztiaz gain, formatu aldatik ere, oso disko ezberdina da.
Eratu taldeko kideak Fermin Muguruzagaz batera. Argazkia: Eratu
Zer eratan?
Orain arte grabatu ditugun bi lanak zatika grabatu ditugu, baina, azken lan honetako grabaketa prozesua oso desberdina izan da. Denok batera grabatu dugu, zuzeneko batean modura. Nire ustez, beste era batean grabatzean, horrek guztiak freskotasun puntu bat ematen dio lanari.
Diskoa bi zatitan banatuta dagoela aipatu duzue. Eta hori?
Konposizio alderditik bi tono ezberdinetan egin dira kantuak. Afinazio moduagatik, batzuk bigarren diskoaren antzera, oso indartsuak dira, eta beste abesti batzuetan, ordea, afinazioa melodikoaga da, pop rock estilotik hurrerago. Lehenengo kantatik seigarrenera, sarrera moduan melodikoagoa da, eta gero, azken kantuetan, Eraturen beti-betiko kantu indartsuagoak datoz.
Diskoa non grabatu zenuten?
Oiartzungo
Mecca estudioetan grabatu genuen, 2015eko abuztuan.
Grabaketa zelakoa izan zen?
Hemen diskoan denok batera egotea nahi genuen, grabaketako parte guztietan. Konfiantza handia dugu hiruron artean, eta gauzak argi genituen zelan egin behar genituen.
Zenbat denboran grabatu zenuten diskoa?
Hiru astean grabaketak, nahasketa… dena egin genuen. Burubelarri aritu ginen denbora horretan.
Hirugarren lana izanda, gauzak errazagoak izan al dira?
Nik ustez, oraingoan gure musikagaz gehiago transmititzeko gai izan gara. Eratu taldearen onena bere zuzenekoak direla uste dut, eta grabaketa lanetan zuzeneko batean modura sentitu ginen, dudarik barik.
Aitor Agirre, Eratu taldeko bateria-jotzailea
Emaitzagaz gustura geratu zarete?
Oso gustura geratu gara. Oso natural dago grabatuta. Sistema nordikoan grabatu dugu, editazio aldetik ez dugu aldaketa eta moldaketa handirik egin, eta, egia esan, ez genuen hain besteko emaitza onik lortuko genuenik. Diskoa kaleratzeagaz batera
Heldu nazazu singlea kaleratu genuen, eta horrek ere harrera ona izan du. Egia esan, orain arte ez dugu irratian hainbesterainoko oihartzunik izan, eta gu ere pozik gaude.
Eta hurrengo kaleratuko duzuen singlea zein izango da?
Irratietara bi kantu bidali ditugu. Bata, Eslogan gehienei falta zaie praktika, eta bestea, Planak eta planoak. Bi horien arteko bat izan daiteke gure bigarren singlea.
11 abesti batu dituzue diskoan. Zer gairi buruzkoak dira hitzak?
Denetik jaso dugu, baina, oro har, jendartean ikusten ditugun egunerokotasunei buruz berba egiten dute gure kanten hitzek. Tartean, maitasun istoriak, azken urteotan bizitako musika esperientzia, herri harresiak… ere kontuan izan ditugu.
Eta abesti horiek nork idatzi ditu?
Unai Olalde abeslariak hainbat ideia izaten ditu, eta horiek abesti bihurtzen ditu.
Abesti guztiak zuek idatzi dituzue, ala kolaborazioaren bat izan duzue?
Hainbat kolaborazio eduki ditugu, eta horietako batean
Glaukoma taldeko Juantxo Arakama abeslariak parte hartu du. Zehatz esanda,
Eslogan gehienei falta zaie praktika kantuan parte hartu du, eta hitzak ere bere erara sortu ditu, rap ikutu bat emanaz. Egia esan, kolaborazio horrek jendea nahikoa harritu du.
Horrez gain, beste zer kolaborazio eduki dituzue?
Oraingo honetan disko bera aberastu duten hiru kolaborazio izan ditugu. Juantxoz gain,
Keu Agirretxearen laguntza ere izan dugu. Urte askoan gure laguna da, eta disko honetan konposizioa ere oso ezberdina denez, gitarra moldaketa gehiago daude, eta pentsa genuen Keuren laguntza ondo etorriko zela. Hiru kantutan bere gitarraren laguntza eduki dugu. Eta azkenik, Kuraia taldeko Fernando Sapok ere kolaboratu du. Bigarren diskoaren ere eskatu genion laguntzeko, baina ez zen izan posible, eta oraingoan laguntza eske joan garenean, baiezkoa eman digu.
Eta hurrengo kontzertuak non izango dira?
Momentu honetan hainbat data lotzen ari gara, baina ekainaren 19an
Araba Euskarazen joko dugu. Aurten Agurainen izango da euskal ikastolen aldeko jaia. Unai Olalde, gure taldeko abeslaria bertakoa da, eta berak egin du aurtengo kantua, eta horren harira, kontzertua ere eskainiko dugu.