Musikari dion maitasunari jarraiki Bartzelonara joan zen 18 urtegaz saxofoi jotzaile markina-xemeindarra. Ibilbide luze bezain oparoa egin du bertan. Otsailean jo zuen estreineko bere herrian.
Noiz eta zelan hasi zinen musika ikasten?
Oraindik gogoan daukat. Zortzi urte nituen. Goiz baten, eskolan geundela, Markina-Xemeingo bandatik etorri ziren musika klaseak eskeintzen zituztela esatera. Ez nien ezta gurasoei galdetu ere egin, goiz hartan bertan eman nuen izena saxofoi klaseetara.
Txikitatik zeneukan zaletasuna, beraz.
Baietz esan daiteke, baina egia esan txikitan zaletasun asko nituen eta gustukoena beste arte mota bat zen: marrazketa. Hala ere, etxean, beti izan dugu musika oso gustuko, asko gustatzen zitzaidan diskoak jarri eta gainetik kantatzea. Udan, adibidez, kotxeko bidai luzeetan eskolako txirula eramaten nuen eta kantak belarriz jotzen ahalegintzen nintzen. Beranduago, Markina-Xemeingo bandan sartu nintzen. Bandako urteak oso garrantzitsuak izan ziren niretzat, lagun berriak egin nituen eta publiko aurrean jotzeko esperientzia handia hartu nuen.
Noiz erabaki zenuen Bartzelonara joatea eta zergatik?
Hamasei bat urtegaz. Momentu hartan musika benetan gustuko nuela ikusi nuen. Maisu batzuen bidez bai eta internet eta beste informazio mota askoren bidez, Bartzelona bezalako hiri bat musika ikasketak aurrera eramateko toki ezin hobe bat zela ikusi nuen. Gaur egun horrela dela egiaztatu ahal izan dut.
Haizea Martiartu musikaria.
Zein izan da zure ibilbidea?
Nire musikarekiko harreman handia institutu garaian hasi zen. Momentu hartan jazz, soul eta funky bezalako musikak ezagutu nituen eta mundu berri bat zabaldu zen niretzat. Argi neukan saxofoiagaz musika mota hori jo nahi nuela, baina ez nekien zein musika mota zen hamabost-hamasei urte izan nituenera arte. Zorte handia izan nuen garai horretan jazza gustoko zuen saxofoi maisu berri bat jarri zidatelako eta apurka-apurka Bartzelonan nire musika ikasketak jarraitzeko aukera ikusi nuelako.
Zenbat urtegaz joan zinen Bartzelonara?
Hamazortzi urtegaz. Taller de Musics eskolan ikasten hasi nintzen eta oso urte garrantzitsuak izan ziren niretzat. Bartzelonako musikari paregabeak ezagutu nituen eta profesionalki musika munduan murgiltzen hasi nintzen. Adibidez Big Band formatu handietan jotzen hasi nintzen, jazza jotzen duten musika orkestra handietan, eta Jazzsi, Jamboree edo Nova Jazz cava izeneko Bartzelonako jazz lokal ezagunetan jotzeko aukera izan dut. Estilo desberdinetako formatu txikietan ere jotzen hasi nintzen, jazz, pop zein funky bezalakoetan, eta haiekin ere jaialdi desberdinetan jotzeko aukera izan dut. Horrek guztiak bidaiatzeko eta hiri desberdinak ezagutzeko aukera eman zidan. Kontzertuez gain, beraz, beste esperientzi aberasgarri batzuk bizitzeko aukera ere izan dut. 2014 eta 2015 urteetan antzerki munduarekin lan egiteko aukera izan nuen Paco Mir-ek (El Tricicle) zuzendutako Els Pastorests izeneko produkzioan. Gainera, azkenengo bi urte hauetan, hiru soinu bandatan jo dut, aipagarriena laster irtengo den Nos parecia Importante izeko filma da. Ikasketei dagokienez, 2014n, Escola Superior de Musica de Catalunya kontserbatorioan sartzeko zortea izan nuen, eta gaur egun, bertan jasotzen ditut nire jazz ikasketak Gorka Benitez saxofonista paregabeagaz.
Jorge Pardo, Big Mama Montse, Els Amics de les Arts, Monica Green, Nina edo La Vozeko Susana Sheiman musikariekin lan egin duzu besteak beste.
Bai, kasu gehienetan Big Band formatu barruan izan dira kolaborazio guzti horiek. Oso momentu aberasgarria da musikari handi bategaz eszenatokia partekatzea, euren lana profesionalki egiteko modua ikustea bai eta euren esperientziak entzutea. Gainera, normalean, musikari ezagun bategaz jotzen duzunean, toki handi baten egiten duzu eta publiko asko etortzen da. Oso dibertigarria da hori.
Ze proiektu daukazu momentu honetan esku artean?
Proiektu oso ezberdinetan ari naiz gaur egun. Jazzari dagokoinez, formatu desberdinetan hartzen dut parte, aipagarrienak, Maria Betriu Canta Estandards en Catala proiektua da. Orain, bigarren diska grabatzeko zain gaude. The 5 outsiders + One izeneko Dixieland talde batean ere banago soinu tradizionalagoak lantzen. Jazz munduagaz gain, Papa Topo indie-pop talde famatuagaz ere jotzen dut. Grabatu genuen azken albuma laster irtengo da kalera, eta hainbat jaialditan jo izan dugu. Esku artean daukadan proiektu berriena Ebony Voice izeneko salsa abeslariarak sortutakoa da. Orain dela oso gutxi grabatu nuen bere lehen albumean. Oso itxura ona dauka azken talde honek, eta seguruenik nazioartera bidaiatzeko aukera emango didan proiektu bat izango da. Gauza guzti hauez gain, proiektu pertsonal bat aurrera eramateko asmoa daukat laster, konposaketa propioekin, noski. Baina, momentuz, beste talde askogaz nabil lanean.
Musika irakasle ere bazara.
Bartzelonako musika eskola batzutako irakaslea naiz. Oso polita da gehien maite dudan gauza bat, hau da, musika, jendearekin elkarbanatzea.
Saxofoi jotzaile moduan ezagutzen zaituzte gehienek, baina beste instrumentu batzuk ere jotzen dituzu.
Nire iritziz saxofoi jotzaile profesional bezala hasteko garrantzitsua da beste haizezko instrumentu batzuk jotzea. Nik zeharkako flauta jotzen dut bai eta klarienete apur bat ere. Horrez gain, Papa Topon gitarra elektrikoa ere jo izan dut kontzertu askotan.
Kontzertu bat eskaini zenuen estreinako Arnau Gil-egaz batera Markina-Xemeinen. Zelako esperientzia izan zen zuretzat?
Oso berezia izan zen kontzertu hori. Pare bat urte neraman nire musika markina-xemeindarrekin elkarbanatzeko gogoekin. Aitortu behar dut apur bat urduri nengoela publikoaren erreakzioagatik, baina oso erantzun positiboa izan genuen. Beraz, esperientzia oso polita izan zen. Ez dut inoiz ahaztuko kontzertu hori.
Errepikatzeko asmorik badaukazu?
Bai noski! Behin baino gehiago errepikatzeko asmoa daukat, eta espero jendeak lehenengo kontzertuan bezela gozatzea edo oraindik gehiago!
Noiz hasi zinen Arnau Gil-egaz jotzen?
Arnau Taller de Musics-en ezagutu nuen. Hiru urte daramagu alkarregaz kontzertuak eskaintzen. Horrez gain, Arnau konposatzaile bikaina da. Momentu honetan proiektu handi bat sortzen dabil eta bere abestiak joko ditugu Big Band formatu handian.
Bartzelonatik beste lekuren batera joango zinen ikastera,esperientzia berriak hartzera… Mugarik baduzu?
Ez daukat inongo mugarik. Asko gustatuko litzaidake beste herrialde batzuetan zehar kontzertuak ematea. Parte hartzen nabilen proiektuekin, seguruenik, laster, Ingalaterra, AEB edo Italian jotzea espero dut. Hala ere, Bartzelonagaz maiteminduta nagoela aitortu behar dut, edozein tokitako jende oso interesgarriz beteta dago eta. Kulturalki giro paregabea dauka, eta nire ustez, musikari bezala lana egiteko toki ederra da.
Hurrengo daukazun hitzordua zein izango da?
Garrantzitsuena Maria Betriuren proiektuagaz izango da, martxoan, Terrasako Nazioarteko Jazzaldian.