Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdia, "berriztuta eta indartsuago"
Orain arteko Kale Antzerki Jaialdi formatua atzean utzi eta hausnarketa prozesuari ekin zion Lekeitioko Udalak, Kale Antzerki Jaialdiari astindu bat eman eta berau berritzeko asmoz. Lekeitioko Udalak erronka berri baten aurrean dagoela adierazi du, ” joera berritzaileen eta kale-arteen eredurik berrienen alde”.
Hori dela eta, jaialdiaren diseinu berri eta garapenerako azken urteotako esperientzia aintzat hartuz, jaialdi formatua alde batera utzi dute eta ekitaldi-ikuskizun partehartzailea bultzatu. “Aurten ikuskizunaren filosofia berria abian jarriko da. Orain arte ezagutu dugun jaialdia zabalagoa izango da eta diziplina ezberdinen edo kaleko arte ezberdinak batuko ditu Lekeitioko kaleetan”, azaldu dute.
Aro berri honek, kudeaketa eta antolamenduan ere aldaketak ekarriko dituela aurreratu dute. Lekeitioko Euskal Zine Bileraren antolaketa eredua hartuko du oinarritzat etorkizunean, eta aurten aparteko kolaboratzaileak izan dituzte antolakuntza lanetan lagun: Lekeition Arropaineko Arragua proiektua gidatzen duten Maider Illana eta Mikel Garcia.
Udala hasita dago programazioa lantzen eta beste behin ere, plaza, kaleak, hondartza, eta portua jendez betetzea dute helburu. “Nola ez, kaleko arte gose nabaria duten milaka lagunek, bataz beste 22.000 pertsonak, ikuskizun ezberdinekin erantzun ezin hobea jasotzea da helmuga”. Jaialdiak eragin handia izaten du herriaren ekonomian. Bere nazioartekotasuna dela eta, bisitari askok asteburu osoa igarotzen dute Lekeition. “Bai Lekeitioko, bai inguruko ostatuen okupazioa %100eko inguru izaten da egun horietan. Bestalde, zerbitzu eta ostalaritzan ere eragin handia du. Honez gain, gure herria goi mailako kultur eskaintzarekin identifikatzen da, eta bisitariak hurbildu egiten dira urteko beste sasoi batzuetan, herria hobeto gozatzeko asmoz”. Kale Antzerkiaren hitzordua uztailaren 7tik 10era izango da aurten.