Erorikoak saihesteko tailerra emango dute Lekeition
Lekeitioko udalak, Lea-Artibaiko Amankomunazgoak, Lekeitioko Osakidetzako Osasun Zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, jubilatu elkartearen laguntzagaz, Tostor ez egiteko adinekoentzako tailerra antolatu dute. Bi egunetan emango da Lekeitioko Jubilatuen Etxean, 17:00etan. Bat teorikoa izango da, gaur bertan [martxoak 15] emango dena, eta bigarrena praktikoa, eguenean [martxoak 17].
“Euskal Autonomia Erkidegoko adineko pertsonen artean, erorikoak dira istripu arrazoirik ohikoena. Ikerketen arabera, adin talde honetako heren eta erdien arteko pertsonek, urtean zehar eroriko bat eta beste batzuk eroriko bat baino gehiago jasaten dituzte. Adinarekin batera arriskua gorantz doa, 65 urtetik gorakoen artean, erorikoen portzentajea % 30koa da, 80 urtetik gorakoen artean aldiz, % 50a baino gehiagokoa. Erorikoak, emakumeengan gizonengan baino maiztasun handiagoz ematen dira”, azaldu dute antolatzaileek.
Eroriko gehienak etxe barruan edo inguruetan ematen direla ere jakitera eman dute, batez ere etxeko lanak egiterakoan edo bizitzako oinarrizko premiak asetzen direnean. “Eroriko baten ondoren, eguneroko bizitza da kaltetuena. Izan ere, autonomia galtzea dakar eta bizitza kalitatea gutxitzea”, esan dute.
Beraz, erorikoak zelan gutxitu azalduko dute tailerrean, modu erraz eta praktikoan. Lekeitioko udaleko eta Lea-Artibai Amankomunazgoko teknikariek, Lekeitioko Osakidetzako Osasun Zentroko profesionalek eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko teknikariak emango dute tailerra.