Aurten antolatuko dituen mendi lasterketa eta rallya aurkeztu zituen zapatuan, Sportech enpresak, Kareaga industrialdean duen pabiloian. Arratsalde osoko ekitaldia antolatu zuten horretarako, slalom erakustaldi eta rallyetako simulagailu profesional eta guzti.
Gazte bat rally simulagailua probatzen.
Adin guztietako jendeak bete zuen Sportechen pabiloia eta ingurua, eta automobilismo zaleek asko gozatu zuten Txus Jaio, Iñaki Alberdi eta Gorka Eizmendi pilotu ezagunek eskainitako erakustaldiagaz. Kareaga industrialdean bertan prestatutako zirkuituan motor zarata eta gurpil erre usaina izan ziren nagusi, eta ikuskizuna gogo handiz txalotu zuten zaleek gidariak animatzen zituztelarik.
Ikuskizunak amaituta, aurten antolatuko dituen bi openen aurkezpenari ekin zitzaion barruan. Automobilismo proba biak burutuko diren federazio guztietako ordezkariek hartu zuten parte aurkezpenean: Angel Gurrutxaga Euskal Automobil Federazioko ordezkariak, Nacho Manero Nafarroako Federaziokoak, Julio Gomez Kantabriakoak, Maria Torrecilla Errioxako Automobilismo Federazioko presidenteak eta Nacho Martin Langreo Eskuderiako arduradunak. Euren laguntza eskertu zuen Sportech-ek.
Ruben Maguregi Sportech-eko zuzendaria azaplpenak ematen zapatuko aurkezpenean.
Azaldu zutenez, aurten Espainiako rallyetan ere egongo dira RMC Motor Sport-egaz lankidetzan. Hala ere, herrialdeetako txapelketak babesten jarraituko dutela nabarmendu zuten. ” Kirol hau sustatzeko, Espainiakoa besteko garrantzitsuak iruditzen zaizkigulako”. Bide horretan, Euskadi Racing-egaz batu zirela azaldu zuten, alde tekniko eta osagarrien banatzaile arduradun gisa.
OpenakAsfaltoko rallyen II. Sportech Opena Kantabrian, Nafarroan, EAEn eta Errioxan lehiatuko da. Lea-Artibaiko Rallyagaz hasiko da apirilaren 23an eta 24an eta Zamudioko Rallyagaz amaituko da azaroaren 25ean eta 26an. Lehiaketa osatuko duten beste probak Arnedon egingo den Callaghan rallya (ekainak 18 eta 19), Gernikako Rallya (urriak 8 eta 9), Kantabriako Ribamontan al Mar-eko rallya (azaroak 4 eta 5), Lesakako rallya eta Gareskoa izango dira.
Proban 1, 2, 3 eta 4 klaseetako autoek parte hartu ahalko dute, eta sariei dagokienez, 7.000 euro baino gehiago banatuko dituzte.
Slalom erakustaldi bat egin zuten Txus Jaio, Iñaki Alberdi eta Gorka Eizmendi gidari ezagunek.
Mendiko II. Sportech Opena, berriz, Asturias, Kantabria, EAE, Nafarroa eta Errioxan burutuko da. Bost proba puntuagarri izango dira: Arnedilloko VI. igoera (ekainak 4 eta 5), Langreoko 32. Santo Emiliano igoera (ekainak 18-19), XII. Alisas igoera (uztailak 8 eta 9), 38. Jaizkibel Igoera (irailak 24 eta 25) eta 36. Urbasa igoera (urriak 8).
Open horretan, 30.000 euro baino gehiago banatuko dituzte sarietan, maila desberdinetako parte hartzaileen artean.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.