Auzitegi Goreneko epaile Miguel Colmeneroren baimen eskaria onartu zuen atzo Espainiako Senatuak. 229 senatariren aldeko botoa jaso zuen eskariak, bederatzi senatarik aurka bozkatu zuten, eta bi senatari abstenitu egin ziren.
Goioaga foruduna denez Auzitegi Gorenari dagokio hura epaitzea. Auzitegi Nazionalak presoen abokatuen kontra irekita duen sumarioaren barruan auzipetu gura dute. Sumario horretako abokatuei “talde terroristako kide” izatea leporatu diete.
Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak atzo Eusko Jaurlaritzari eskatu zion Goioagari babes instituzionala emateko.
Bestalde, Onintza Enbeita EH Bilduren Espainiako Kongresuko diputatuak atzo salatu zuenez, Goioaga “mendeku politika bati” erantzuten dion operazio baten “biktima” da, eta politika horiek “iraganeko” kontuak izan beharko liratekeela adierazi zuen. “Horregatik, presoen eskubideen alde diharduten kolektiboen aurkako jazarpen eta salbuespen politika guztietan atzerantz egin dezala eskatzen diogu PPren gobernuak”.
Gogoratu zuen, Goioaga presoei laguntza juridikoa eman, eta euren giza eskubideak defendatzeagatik inputaturik dagoela.