Santa Teresa Jesusenaren jaiotzaren
V. mendeurrena gogora ekartzeko asmoz, Luis Baraiazarra karmeldar eta ohorezko euskaltzainak bere idazlan guztiak euskarara itzuli ditu Bizkaiko Foru Aldundiaren, Euskal Herriko Karmeldarren eta Markina-Xemeingo Karmeldarren laguntzagaz.
Santa Teresa Jesusenaren aurkezpena. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
2.000 orrialdeko itzulpena, gaur aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Foru Liburutegian egin den ekitaldian.
Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendari nagusiak,
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta aitzinsolasaren egileak,
Julen Urkiza ikertzaile eta idazle karmeldarrak eta
Luis Baraiazarra Santa Teresa Jesusenaren idazlan guztien itzultzaileak hartu dute parte.
“Santa Teresa Jesusenaren obrak garrantzi eta eragin handia izan zuen erdal letretan. Horrela, bere obra guztiak euskarara itzulita, garrantzi handiko ekarpena egin da euskararen lexikografiaren eta morfologiaren mesedetan”, adierazi du Ana de Castrok.
Lanak
Liburuak jasotzen dituen lanak ere azaldu ditu Luis Baraiazarrak. “Aitor-entzule eta arima zuzendarien aginduz idatzia”,
Bizitza Liburua haren obra guztietan ospetsuena dela aitatu du. “Liburuaren izenburua ez da Teresarena; harek ene arima, liburu handia… erabiltzen baitu liburuaz ari denean; 415. gutunean, 1581eko azaroaren 19an Pedro Castro Nerori idatziriko gutunean, berriz, Jainkoaren errukiena izenburua jarri diola dio”.
Perfekzio Bidea, berriz, adituek diotenez, Teresaren lumaren emaitzarik finena dela nabarmendu du Baraiazarrak, “beste inon baino argiago eta zehatzago azaltzen ditu-eta bertan Jainkoarekiko maite-harreman barnekoia, helburu apostolikoa duen kontenplazio-ideala”. Teresaren Konstituzioak bezalakoa dela obra hau gaineratu du. “Hala ere ez da obra juridikoa, didaktikoa, formaziokoa baizik. Erreformarako abiapuntua, Kristoren ondoan, haren Elizaren alde gudukatzea izan bazen, otoitzaren armez gudukatzeko trebatu beharra, instrukzio beharra, izango zuten”.
Barne Gazteluari dagokionez, preziatuetan preziatuena dela nabarmendu du itzultzaileak. “Teresak berak ere, Bizitza Liburua eta Barne Gaztelua elkarren ondoan jarriz, hau hura baino urre finagoz eta esku trebeagoz ehoa dela esango digu”.
Fundazioak , Teresaren obretatik azkena, hil baino egun batzuk lehenago burutu zuenari buruz bestalde, tarteka-marteka idatzi zuela azaldu du, bere bizitzaren azken hamar urteetan barrena, 1573tik 1582ra bitartean. ” Aurrez Bizitza Liburuaren 32. kapitulutik 36.era Avilako San Joseren fundazioaz hasi zuenari jarraipena ematen dio. Gero, liburu berrian, gainerako fundazioen historia idatziko du. Beraz, fundazioak egitea dator lehenbizi eta gero haiek idatziz kontatzea. Fundazioetan eta Gutunetan agertzen da, batez ere, Teresaren gizatasuna, nortasuna, emakume-izaera ausart adoretsua, barrutik Espirituak bultzatua eta Jesus maisuak gidatua”.
Gutunak, batez ere komunikatzeko idazten zituela argitu du karmeldarrak. “Teresarenean ez da guztia espiritual eta goi-mistikakoa; gizatasunik beteena darie haren hainbat orrialderi, batez ere Fundazioen eta Gutunen sortetakoei. Fundazioak eta Gutunak idazten dituenean, gizarteko arazoetan sartu-sartua dabil, garai hartako pertsonekin etengabeko harremanetan”.
Azkenik,
Arimako Kontakizunak jainko-maitasunari buruzko gogoetak, olerkiak eta obra txikiagoak direla ere azaldu du.
Luis Baraiazarrak Santa Teresa Jesusenak idatzitako testuak itzultzen Santiago Onandiak eta Lino Akesolok eginiko ahaleginak azpimarratu ditu amaitzeko. “Mirestekoa da hain baliabide gutxirekin, Lino Akesolok eta batez ere Santiago Onaindiak, egin zuten lana; irudikatzen baitugu zein nekagarria izan behar zuen garai hartan erabiltzen ziren hiztegi eta tresna urriekin, ordenagailurik gabe, garbizalekeriaren zama gainean zela, eta euskaldun guztien euskarara hegaldia jaso ezinik, lan hauek burutzea”.