Hamar boluntarioren laguntzagaz, independente egin dira aniztasun funtzionala duten hiru gazte. Otsailetik bizi dira, domekatik barikura, Markina-Xemeingo etxebizitza batean. Herria, familia eta lagunak atzean utzi barik euren autonomia eta elkarbizitza garatzeko aukera izango dute. Etxebizitza tutelatu baten simulazioa egin du Leikek, Lea-Artibain bertan, Markina-Xemeingo Udalak utzitako etxebizitza batean. Proeiktuaren berri eman dute Ander Escabias gazteak eta Ainara Benedicto boluntarioak.
Ainara Benedicto eta Ander Escabias.
Zelan sortzen da Leike proiektua?
Adimen urritasuna dutenen alde lan egiten duen Izarbidean elkarteko erabiltzaileen senideek, etorkizun batean, eurek falta direnean edo euren etxeko egoera zaintzerik ez dutenean, euren senideak zeinek eta nola kudeatuko dituen kezka daukate beti. Horrela, Izarbideaneko erabiltzaile batek beste herri bateko zentro edo etxebizitza batean izena ematen duenean, itxaron zerrenda batean sartzen da eta bere eremu sozial naturaletik harantzago joan beharra daukala ikusten dugu horrelako bizitza aukera autonomo bat izateko. Ez dagoen eskaintza baten premia dagoela ikusten da.
Zergatik ez dago aukera hori Lea-Artibain, esate baterako?
Eskaintza biztanleriaren arabera neurtzen delako eta ez eremu bakoitzean dauden beharrizanen arabera. Leike proiektuagaz errealitate hori publiko egiten dugu eta gainera, ez dagoen eskaintza hori ematen da. Borondate politiko bat egonez gero, horrelako proiektu bat aurrera ateratzea posible dela erakutsi nahi dugu.
Boluntarioen eskutik sortzen da beraz, proiektua. Izarbideanen geunden boluntarioak, gai honegaz sentsibilizazio apur bat izan zezakeen beste batzurengana jo genuen, gizarte lana ikasitakoak, boluntario lanetan ibilitakoak, hezkuntza mundukoak… Lau hasi ginen proiektuagaz eta orain hamar gara.
Pertsona bakarra dago independizatzeko asmoagaz, zelan batzen dira besteak proiektura?
Pausoa batek ematen du, baina jende askok dauka buruan aukerak bilatzea. Kontua da ez dagoela eskaintza egokirik. Ordura arte denen buruan egon den premia hori kaleratzen da. Batek pausua eman du, baina, gehiago ere badira aukera hori nahiko luketenak. Horrek argi uzten du erantzun bat emateko momentua dela. Eta gainera, ez da guk eskaini behar dugun gauza bat, azken baten, gu borondatez gabiltza horretan. Ikusten duguna da borondatez egin ahal dugun proiektu batek bidea eman ahal diola erakundeen ardura izan behar den egitasmo bateri. Biztanleriaren araberako planifikazio bat egin ordez, dauden beharrizanen araberako plangintza bat egin behar dela erakusten du gure proiektuak. Dirua ezin da izan aitzakia bat horrelako proiektuak aurrera eramateko.
Zeintzuk pausu eman zenituzten proiektua abiarazteko?
Proiektua martxan jartzea pentsatu genuenean batzar bat egin genuen Izarbideaneko gurasoekin. Proiektuaren berri eman genien eta gazte bat parte hartzeko asmoagaz zegoela azaldu. Baina, proiektua aurrera eramateko, gutxienez, beste gazte bi behar zirela esan genien.
Proiektua Izarbideaneko eremuan sortzen da. Baina zabalagoa da?
Izarbideaneko eremuan egiten da lanketa guztia, gure eremu naturala delako, konfiantzazkoa, baina Izarbideaneko eremu horretan ez daude Markina-Xemeinen aniztasun funtzionala duten guztiak eta proiektua anbizio zabalagoa duen kontua da; guztiei begirako proiektua.
Boluntario talde bat dago gazteei laguntzen. Zein da zuen jarduna?
Domekan sartzen dira gazteak pisura eta bariku goizean etxera joaten dira asteburua igarotzera. Txanda bi egoten dira 22:00ak arte, dutxak eta afariak, eta 10:30etik 08:00etara, gaua igaro eta gosaria prestatzen laguntzea.
Noiz arte egongo da martxan proiektua?
Ekainaren 10a arte.
Hortik aurrera zer?
Proiektuaren bokazioa errealitate bat azaleratzea eta erakundeen mugimendu bat lortzea da. Bide bi daramagu beraz: bata proiektuaren garapena bera izango litzatekeena, eguneroko funtzionamendua, eta bestea, erakundeekin daramaguna. Udaletxeagaz egon ginen eta ikusten dute premia bat dagoela eta erantzun bat eman behar zaiola. Aldundian ere, dependentziaren maparen zehaztapena egin dute. Alegazio fasean dago orain, eta eskari bat egin behar da errealitate bat dagoela eta eskari bat dagoela adierazteko. Legea bera ez dadila muga bat izan errealitate horri erantzun bat emateko. Ekainaren 10ean proiektua amaitzen da ez dugulako sinisten horrelako lanak modu boluntario batean egin behar direnik. Premia sozialei erantzun publiko bat eman behar zaiela uste dugu. Gure bokazioa ez da karitateko talde bat izatea.
Pisuari dagokionez, proiektua zer moduz doa orain arte?
Oso ondo doa, poz-pozik gaude.
Eta erakundeen erantzuna?
Udaletxeagaz harremana ona izan da hasieratik. Laguntzeko baino, proiektuaren parte izateko jarrera erakutsi du, pisua eskainita edo edozein gauzatan parte izateko prest dagoela erakutsiz. Guk uste dugu baina, alderdi baten kontua barik udal osoaren eskaera bat izan behar dela. Beraz, herriko alderdi biekin batu gara eta oso harrera ona izan dugu. Dagokien marko desberdinetara aldarrikapena eramateko prest agertu dira, gai honen konpetentzia ez da-eta udalarena, Aldundiarena baizik, eta udalaren bitartez jo nahi dugu beraiengana.
Konponbidea zein izango litzateke zuen ustez?
Premien arabera barik, zenbakiak hartu dira kontuan orain arte, eta gure ustez, pertsonaren bizi proiektua egon behar da aurretik. Bilbo partean jende gehiago bizi delako ezin da dena bertara mugatuta egon. Erantzuna, gainera, soziala izan behar da.
Sare sozialen bitartez zabaltzen ari zarete proiektuaren egunerokotasuna.
Egoera hau jende askorena heltzeko dagoen bide bat da; eguneroko argazkiak jartzen ditugu. Guk gure esku dagoena egin dugu, atea jo dugu eta esan dugu zer behar den. Orain, erakundeen txanda da, eta gutxienez erantzun bat espero dugu.