Gutxi dira artxiboa Bizkaiko Foru Aldundiari uztea erabaki zuten Lea-Artibaiko herriak. Ondarroa, bat. Bizkaian gehienek hartu zuten bide beretik jo zuen Ondarroako Udalak, batetik, udaletxeko gordelekuak gehiagorako ematen ez zuelako, eta, bestetik, artxiboen iraupena ziurtatu nahi zuelako.
Artxibo historikoa da Bilbon gorde dena. Ostera, 1940etik orain artekoak
Ondarroan daude. Eusko Jaurlaritzagaz sinatutako akordioaren baitan,
artxibo historikoa digitalizatzen ari dira, eta, momentuz, 1990. urtera artekoak digitalizatuta daude. 1490. urteko agiri bat da Ondarroak gorde duen agiririk zaharrena, biztanle errolda bat, hain justu. Edozelan ere, Ondarroako Udalak ez dauka agiri zahar askorik. Bi bider erre zuten, eta asko eta asko galdu egin ziren. “Erre usaina daukaten agiriak ere badauzkagu”, azaldu du Yolanda Urrosolo Ondarroako artxibozainak.
Lekeitiokoa, sorreratik
Lekeition, 1325etik gaur egunera arteko
udal agiri guztiak daude gordeta. Gaur egunera arteko aktak digitalizatuta daude, bai eta 1795era arteko kontu liburuak, pribilegioak eta pleitoak ere. Euskarri informatikoak ere aipatu dituzte udal artxiboaz berba egitean. “Paperean dagoena, dena dago gordeta. Gaur egun, oraindik, euskarri informatikoek ez dute ziurtasunik ematen, kontserbazioari dagokionez: hondatzeko arriskua dago. Euskarri digitala eta papera elkarbizitzen egongo dira urte batzuetan”, adierazi du Maite Garamendi Lekeitioko Udaleko artxibozainak.
Udala bizirik dagoen erakundea izanik, egunero sortzen da dokumentazioa, eta, beraz, egunero elikatzen da artxiboa. Horregatik,
Yolanda Urrosolok ondo zaindutako artxiboak udalaren kudeaketan daukan garrantzia nabarmendu du. “Artxiboa historiagaz lotzen da batez ere, baina gaur egun kudeaketaren aldetik daukan balioa balio historikoa baino askoz garrantzitsuagoa da. Artxiboak ondo funtzionatzen badu, udalak askoz hobeto funtzionatuko du”.
Yolanda Urrosolo, Ondarroako artxibozaina.
Artxiborako klabeez dihardu Maite Garamendik. “Artxibo batean garrantzitsua da ondo egituratuta edukitzea eta gauza bat behar denean erraz aurkitzea”. Gaur egungoak balira modura ibiltzeko aspaldiko agirien artean, zein artxibo historikoa izan, zein adminstratiboa izan. “Orain 100 urteko fakturetan ere gauzak bilatzen ibili behar izan gara inoiz”, adierazi du.
Artxibo administratiboaren eta historikoaren artean bereizketarik ez egitea aldarrikatu dute Markina-Xemeinen.
Igor Idoeta da hango artxiboaren arduraduna. “Guk egituratuta daukagun katalogoak ez du desberdintzen artxibo historikoa artxibo administratiboarengandik. Sistema integratu moduko bat daukagu. Artxibo historikoa eta adminstratiboaren arteko bereizketa zer edo zelan objektibizatu egin nahi izan den arren, ni ez nago ados, adibidez, 100 urteko zerga bat historikoa denik 100 urte dauzkalako, besterik gabe, eta, aldiz, beste adibide bat ipintzearren, Markina eta Xemein batu zireneko akta historikoa ez izatea 100 urterik ez daukalako. Termino subjektiboa da”.
Arrazoi horregatik, Markina-Xemeinen dena daukate datu base berean, historikoa zer den eta zer ez den bereiztu gabe. “Erabiltzaileak erabakiko du gauza bat historikoa den ala ez”, adierazi du Idoetak.
“Guk egituratuta daukagun katalogoak ez du desberdintzen artxibo historikoa artxibo administratiboarengandik. Sistema integratu moduko bat daukagu” Igor Idoeta.
Ondo zaindutako artxiboa
Markina 1355. urtean sortu izanagatik, gorde den dokumentazioa batez ere XV. mendetik aurrerakoa da. «Guk daukaguna da fundazio aktaren XIX. mendeko kopia bat, fundazio akta bera Madrilen dagoelako, administrazioaren artxibo nagusian».
Ondo zaindutako artxiboa izan da Markina-Xemeingoa, nahiz eta akta libururen bat edo beste falta. Juan Ramon de Iturriza Markinara etorri zenean ere (Historia de Vizcaya ,1785) nabarmendu zuen Markinako artxiboa zein ondo gordeta aurkitu zuen. «Erabaki genuen artxiboa ez eroatea Bilbora, eta pentsatzen dut erabaki ona izan zela. Herriko artxiboa herrian egon behar dela», esan du Idoetak.
Udalari emandakoak
Udalaren beraren agiriez gain, udalari emandako beste artxibo batzuez ere arduratzen dira zenbait kasutan. Lekeition, Nautika eskolakoa, Uribarren ospiziokoa, Abaroa ospitalekoa eta beste txiki batzuk ere badaude. Eta hori dena gordetzeko, udaletxeaz gain, antzinako Latinidade eskola, guztira 700 metro lineal. Lekeitiok ez du leku faltarik antzematen. «Beste hamabost bat urterako tokia badago», adierazi du Maite Garamendik.
Udalaren beraren agiriez gain, udalari emandako beste artxibo batzuez ere arduratzen dira zenbait kasutan.
Lekuz estuago dabiltza Markina-Xemeinen. Artxiboan bost funtza dauzkate: Markina-Xemeingo Udalaren artxiboaren barruan Markinako Udalaren artxiboa, Xemeingo Udalaren artxiboa eta Markina-Xemeingo Udalaren artxiboa; Iturretako kofradiako artxiboa eta Monte Pío español de pelotaris de cesta punta elkartearena. «Udaletxean bertan ez zaigu leku askorik geratzen, eta artxibo zati bat udaletxe zaharrean daukagu», azaldu du Idoetak.
Igor Idoeta Markina-Xemeingo artxibozaina
Lokalen baldintzei dagokienez, guztietan bermatzen dirakontserbaziorako gutxienezko baldintzak. Bestalde, artxibozainak bat datoz esatean artxiboa fisikoki gainontzeko udal zerbitzuetatik hurre egoteak asko erraztuko lukeela funtzionamendua. Administrazioak gero eta
paperezko artxibo gutxiago sortuko dituela diote. Aurreiskupenak aurreikuspen, Yolanda Urrosolok egun hori urrun ikusten du. Eta artxibo historikoa Ondarroan ez egon arren, administraziotik zuzenean edo norbanakoek administrazioaren bidez egiten dituzten eskaera sarri urgentziazkoei erraz eta arin erantzuteko zailtasunak daude, udaletxea eta artxiboa herriaren punta banatan daudelako, eta liburutegia erdian, eskaera guztiak kudeatzen.
Ondarroan paperean gorde den artxiboa, 1940tik gaur egunera artekoa, Ibaiondoko lokal batean dago. «1999. urtean eroan zen Ibaiondora, hasiera batean, behin-behinean», gogoratu du. Urrosolok dioenez, urte gutxi barru lokala bete egingo da, eta egoera horri erantzun beharra dago berandu baino lehen.