Apirilaren 4tik aurrera Bekobenta Eskola Publikoko jantokiak eredu osasuntsu, gertuko eta bidezko baten aldeko lehenengo pausoa emango du. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak euren jantokia kudeatzeko aukera emango die lau ikastetxe publikoetako guraso elkarteei, esperientzia pilotu moduan. Bekobenta Eskola Publikoko Oizpe Guraso Elkartea izango da jauzia ematen lehenengoa.
Oizpe Guraso Elkarteak proiektua aurkeztu zien 2015eko abenduan gurasoei.
Orain arte Auzolan eta Eurest enpresak izan dira Bekobentako jantokiaren kudeaketaren ardura izan dutenak, lehiaketa publikoaren ondoren. Orain, berriz, eskolako guraso elkartea izango da arduradun. Aldaketa ez dator goizetik gauera, azken urteetan proiektua garatzen ibili bait dira guraso elkartekoak, dauden ereduak aztertu eta eraman beharreko ibilbidea zehaztuz.
Aldatzeko eskaria
Lau urtetik behin, ikastetxe publikoetako 2 eta 16 urte bitarteko ikasleen 92.000 menu kudeatzeko lehiaketa publikoa deitzen du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. Jartzen ziren baldintzek aukerak asko murrizten zituztela, enpresa txikiei eta tokian tokiko ereduei bidea ixten zietela eta ondorioz jantokietako kudeaketa zazpi enpresen esku zegoela salatu zuen EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak, eta araudi berria eskatu zuten, ikastetxeak jantoki eredua hautatzeko autonomia izan zezaten.
Horrela, joan den urtean, ikasleen bazkarien kudeaketa lehiaketa egin behar zela eta, eskola jantokien kudeaketa propioa aldarrikatzen duen Gure platera gure aukera plataforma sortu zen. Mugimendu horren harira, Bekobenta eskolan aurretik zegoen ideia berrartu eta zer egin zitekeen jorratzen hasi ziren bai eta Oizpe Guraso Elkartekoak ere.
Jantoki kudeaketa propioa daramaten Larrabetzu eta Urduñako jantoki ereduak ezagutzen hasi ziren, eta EHIGEgaz ere kontaktuan jarri ziren. Ibilbide horretan, Eusko Jaurlaritzak proiektu pilotu bat egiteko asmoa zuela jakin zuten, eta Bekobenta Eskola Publikoko eta Markina BHIko zuzendaritzekin eta Markina-Xemeingo Udalagaz batu ondoren, aurrerapausoa eman eta proba pilotuan parte hartzeko eskaria egin zuten.
Dieta orekatua
Lakuan bilerak egin ditu guraso elkarteak nondik nora jo ikasi eta prestatzen joateko eta proiektua abiarazteko orduan, bidelagun handia izan dute Lea Artibaiko Landa Garapen Elkartea.
Joan den urteko irailean aurkeztu zuten proiektua eta azaroaren erdian jaso zuten onespena. Proiektuaren ardatza dieta orekatu bat osatzea izan dute, bertoko eta sasoian sasoiko produktuak erabilita. Beraz, azarotik ekoizleekin hartu emonetan egon dira eta sukaldari eta nutrizionisten gidaritzapean menu orekatuak osatu dituzte. Kalitatea hobetu, menuak konpentsatu eta soberakinak ahalik eta gutxien sortzen ahalegindu direla jakitera eman dute sukaldean eta elikaduran adituek.
Lea-Artibaiko ekoizle bat bere lana azaltzen Bekobentako gurasoei.
Joan den abenduan eman zizkieten ikastetxeko gurasoei azalpenak eta proiektuagaz ados agertu ziren, bozketa bidez proiektuari onespena emanez.
Gurasoentzako aldaketa ekonomikorik ez da egongo, berdin ordainduko bait dute zerbitzua. Mahaikideek, ordea, arrain freskoa, okela freskoa eta postreak ere aurkituko dituzte apirilaren 4tik aurrera plateretan, «baina kalitateagaz».
Guraso Elkartearen nahia aurrera jarraitzea bada ere, momentuz, gutxi gorabehera urte biko proiektua izango dela jakitera eman dute, ez dakite gerora zer gertatuko den.