Berdel Egunaren atarian, bihar [martxoak 23], 20:00etan, Berdel Aipamen saria banatuko da Mutrikuko udaletxeko areto nagusian. Aurten, Iñigo Lezertua gidoilari mutrikuarra bihurtuko da sari banaketako protagonista, “herria ezagutzera emateko egin duen saiakeragatik”.
Izan ere, Mutrikuko eskabetxerak oinarri hartuta egindako
Eskamak kentzen telesaileko lanari esker jasoko du sari preziatua Jose Angel Lizardi alkatearen eskutik. “Saioa hemen Mutrikun kokatzen da, eta horrekin batera, herriko irudiak asko zabaldu dira. Berak egindako ahalegin hori saritu nahiko genuke”, nabarmendu dute sari emaileek.
Saria jaso aurretik, HITZAk gidoilari mutrikuarra eta
Eskamak kentzen telesaileko sortzailea elkarrizketatu du, telesaila grabatu duten tokietako batean.
Mutrikuar modura, zuretzat zer suposatzen du sari honek?
Jendeak telesaila gustuko duela jakitea, eta lan horren aitormen modura sari hau jasotzeak, ilusio handia egiten dit. Eskerrak eman nahi diet nirekin gogoratu diren herriko danei.
Iñigo Lezertua, Mutrikuko portuan
Mutriku ezagutzera egindako ahaleginatik jasoko duzu saria.
Telesail bat egiterako orduan, dena negoziatu behar izaten da, baina hasieratik argi nuen telesaila Mutrikun grabatu behar zela. Baldintza bakarra hori jarri nuen. Kontatzen dugun istorioa, gainera, ez da ulertzen edonon. Bai edo bai, hemen izan behar zuen. Itsasoari eta ohiturei ondo lotuta dagoen istorio bat kontatu nahi genuen, eta horretarako, Mutriku aukeratu genuen. Bertako lekurik tradizionaletak aukeratu ditugu grabaketarako. Intxirrixa parean, esaterako, garai batean baleak hona ekartzen ziren, kofradia ere hor dago, eta arrain lojak eta eskabetxerak ere bertan zeuden.
Telesaila arrakasta izaten ari da. Zer deritzozu?
Kontuan eduki behar da
Eskamak kentzen telesail txikia dela, baina bere tamaina txikian xarma berezia du, eta horrek publikoa bereganatu duela uste dut. Telesaila ofizioari, lurrari eta euskal identitateari oso errotuta dago, eta modu batera edo bestera, itsas munduan dauden andreen izpiritua imitatzera heldu gara, eta askotan, fikzioak errealitatea gainditu duela esango nuke. Telesaila nahikoa arrakasta edukitzen ari da, eta beste kate batzuetarako egokitzea ere aztertzen ari dira. Hemendik gutxira, Cannes-ko (Frantzia) jaialdira goaz, eta gure produktuen artean,
Eskamak kentzen ere eramango dugu, produktu berezi modura.