Urtero moduan, Mendexako Karraspio hondartzan jendetza biltzea espero da, ikuskizunaz gozatu asmoz.
Hamalau zaldik parte hartuko dute, horietatik hamar odol garbikoak izango dira, eta beste laurak, berriz, gurutzatuak.
Lea-Artibai eskualdeko ordezkari bakarra Bakene Erkiaga zaldizko berriatuarra izango da; bi zaldigaz parte hartuko du.
12:00etatik aurrera kanporaketak jokatuko dituzte. Odol garbikoetan bi kanporaketa egongo dira, eta gurutzatuetan bakarra.
Parte hartzaileek 10:30etarako bertan egon beharko dute, eta zaldiaren osasun agiria aurkeztu behar dute.
Erakustaldi berezia
Kanporaketen ostean, finala hasi aurretik ikuskizun berezia egingo dute estreinako.
Motor baten eta zaldi baten arteko lasterketa prestatu dute. Junior mailan Motokrossean Euskadiko azpitxapeldun den Unai Rementeria Remen lekeitiarrak, eta iazko Mendexako zaldi lasterketako txapelduna, Santi Telleriak erakustaldia emango dute. 510 metroko zirkuitua egingo du zaldizkoak, eta 725 metrokoa pilotuak.
Sari ugari
Odol garbien kategoriako irabazleak 275 euro eta garaikurra jasoko ditu, eta gurutzatuetan, berriz, 175 euro eta garaikurra.
Odol garbietan, bigarren eta bosgarren sailkatuen artean 225 euro eta 75 euro bitarteko sariak egongo dira, eta gainontzekoek 60 euro jasoko dituzte.
Gurutzatuetan, ostera, bigarren eta laugarren sailkatuen artean 125 euro eta 75 euro bitartean banatuko dituzte, eta besteek 60 euro irabaziko dituzte.