Aurrera Mendi Taldeak eta
Zubi Zahar herri ikastolak antolatuta, apirilaren 3an seigarrenez egingo da Boga! mendi martxa. Aurrekoetan egin modura, eta ahalik eta mendizale gehien batze aldera, aurten ere
hiru ibilbideren artean aukeratu ahal izango dute parte hartzaileek. Batean zein bestean, Ondarroako inguruko paisaiak eta toki bereziak ezagutzeko aukera izango da.
Antolatzaileek familia guztiei eta mendian denbora bat igaro nahi duten guztiei gonbidapena egin diete. “Martxa honek hainbat helburu ditu baina garrantzitsuenak bi direla esango genuke. Lehena, hurbiltzen diren mendigoizale guztiek Ondarroa inguruko paisaiak eta toki bereziak ikustea eta ezagutzea mendi martxa bat eginez. Bigarrena aldiz, mendizale guztientzako jaialdi bat ospatzea, eta haur zein nerabeei mendiak duen ezaugarri positiboak erakustea”.
Iazko Boga! mendi martxako bi parte hartzaile mendian gora. Argazkia: Aurrera Mendi Taldea
Izena emateko epea apirilaren 1era arte irekita dago, eta aurten ere jende asko batzea espero dute. Aurretiaz izena eman nahi dutenek Aurrera Mendi Taldearen
web orrian bertan edota Ondarroako Anaitasuna eta Kulixka tabernetan egin dezakete. Era berean, egunean bertan izena emateko aukera ere egon badago.
Ikastola aurretik irtetzen lehenak,
54 kilometroko luzera eta 2.400 metroko desnibela dituen ibilbide luzean parte hartuko dutenak izango dira. Martxa
Euskal Herriko iraupen ibilaldien zirkuiturako baliagarria izango da. 07:00ak aterako dira eta helmugara heldu bitartean, 12 bat ordu egin beharko dituzte inguruko mendietan zehar. Ibilbiderik luzeena izateaz gain, zailena, gogorrena eta teknikoena berau dela nabarmendu dute antolatzaileek. Era berean, bidea oso-osorik egitea nahi ez dutenek, ibilbide motzagoa egiteko aukera izango dute (47 kilometrokoa), Arnoateko horniduran lasterbide bat hartuta.
V. Boga mendi martxa. Argazkia: Aurrera M.T.
08:30ean, ostera,
27 kilometroko eta 800 metroko desnibeleko ibilbide motza egitea aukeratu dutenek irtengo dute. Bost ordu eta erdi inguruan Ondarroako inguru guztietatik ibiliko dira. Azkenik,
11 kilometroko ibilbidea txikia egingo dutenak aterako dira, 10:30ean.
KamiƱaldeko mendi magalean lurrak mugitzen ari direla eta, ibilbide luze eta motzaren ibilbideak aldatu egin behar izan dituzte antolatzaileek. “Berez, Asterrika eta inguruetatik joatekoak ginen, baina gune horretatik igarotzea arriskutsua suertatu litekeenez, bide alternatiboa hartzea erabaki dugu”. Hortaz, honakoa izango da lehen kilometroetako ibilbidea: Ondarroa-Orubixe (bide horitik)-Pertiga baserria-Txindurri tontorra-Olaso baserria-Berriatua-Madalena, eta hortik, ohiko ibilbidea jarraituko dute.