Urtero legez, arte eszenikoen eszenatoki bihurtuko da astebetez Aulesti. Aurten, hamaikagarrenez ospatuko dute Artedrama topaketa, eta antzerki emanaldi ugari eta askotariko ikastaroak prestatu dituzte.
Obarixo Biaz antzezlanagaz estreinatuko da aurtengo Artedrama.
Euskarazko arte eszenikoen munduan dabiltzan aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat topagunea da Artedrama, horien guztien arteko eztabaidak, jakintzak zein elkartrukeak sustatzeko helburu duena.
Astelehenean, Ondarroako Traman & Brix Antzerki taldearen
Obarixo Biaz antzezlana izango da ikusgai udal aretoan, 21:00etatik aurrera. Teresa Caloren
Historias de mujeres en crisis lanaren moldaketa honetan eguneroko gauzetaz barre egiteko aukera paregabea eskaintzen du.
Martitzenean, ordu eta leku berean
Zerura Eroria (Anodino teatroa) antzezlana aurkeztuko dute. Biharamunean ere udal aretoan bilduko dira, 21:00etan,
Itsasoari negar antzezlanaz gozatzeko.
Ostegunerako, berriz, emanaldi berezia prestatu dute Idurre Azkue dantzariaren eta Joseba Irazoki musikariaren eskutik.
Dantzagurea lanean, soinuaren bibrazioek gorputzari zelan eragiten dioten aztertzen ahaleginduko dira biak. Aldi berean, mugimenduak berak espazioan nola egiten duen dar-dar eta harengan zein arrasto uzten duen frogatuko dute. Bi artistek elkar eraginez jardungo dute, mugimenduekin bat eginez, eta tresna horiekin soinua eginez.
Bestalde, bariku gauean antzeztoki bihurtuko da udalerriko frontoia. Huts Teatroaren
Etxekoak antzezlana 22:00etan hasiko da, eta sarrerak 5 euro balio ditu. Euskal Herriko edozein etxetan gerta daitezkeen gora-beherak kontatzen dira antzezlan honetan. Ondoren, Errime kontzertu akustikoa eskainiko dute gaztetxean.
Zapatua arte eszenikoen topaketa borobiltzeko eguna izango da. Kontzertu, zinema eta objektu teatroaren artean kokatzen den
Zuek ikuskaria eskainiko du arratsaldean
Rouge Eléa taldeak. Haien berbetan, arbasoek merezi duten omenaldia da
Zuek, “gure gurasoei gorazarrea da, familia memorian egindako zoom-a”.
Sarrera mugatua izango du ikuskariak, eta 2 euro ordaindu beharko dira. Bi emanaldi egingo dituzte plazako karpan, bata 17:30ean hasiko da, eta bestea, aldiz, 19:30ean.
Bestalde, gauean Kukai dantza taldearen eskutik
Gelajauziak ikuskizuna egongo da frontoian (22:00). Elementu berri eta berezi ugarirekin “zipriztindutako” proiektua da. Kukai Dantza Konpainiak eta Cesc Gelabert koreografoak herri dantzei begirada berri bat ematen diete ikuskizunean. Nestor Basterretxearen
Akelarre eskulturaren inguruan eraikitako koreografia aurkeztuko dute.
Topaketekin amaitzeko emanaldi ibiltaria egingo dute Lekittoko Deabruak Antzerki elkarteko eta K-TUM-K Batukada taldeko kideek. Sua eta danbor doinuekin girotuko dute Aulesti.
Sei ikastaro
Ikusteko ez ezik, ikasteko ere aukera zabala eskainiko dute beste urtebetez. Artedrama laborategian sei ikastaro egingo dituzte, astelehenetik zapatura bitartean.
Tresnak izenburupean Ander Lipusek sei orduko ikastaroa emango du. Partaideek gorputz eta ahots ariketak egingo dituzte, aktorearentzako teknika ezberdinen ezagutzan sakonduz. Arnasa, oreka, indarra, adierazpena, espazioa eta jauzia bezalako kodigoekin interpretazioaren munduan murgilduko dira.
Joko eszenikoa eta inprobisazioa izeneko ikastaroa eskainiko du Patricia Urrutiak. Ikasleek sei orduz jokoaren bitartez, entzutea, konfidantza, konplizitatea eta berezkotasuna landuko dituzte. Antzerki-inprobisazio ariketak ere egingo dituzte, pertsonaiak, espazioak, eta istorioak sortzeko.
Ander Fernandezen
Soinua eszenara ikastaroa ere sei ordukoa izango da. Bertan, besteren artean honako galdera hauei erantzuten saiatuko dira: Zertan datza eszenarako soinu giroen sortzeak? Nola itzultzen dira emozioak musikara? Nola komunikatzen da hori dena? Zer da tema musikal bat?
Inprobisazioaz eta sortze lanaz ikasteko aukera egongo da Ana Elordi aktore ondarrutarragaz, zortzi orduko ikastaroan. Konfiantza, kontzientzia, erritmoa, energia, entzuteko gaitasuna, kontzentrazioa eta irudimena landuko dituzte, egoera eta pertsonaia dramatiko ezberdinak sortzeko.
Begiratu, sentitu, hitz egin ikastaroa emango du Aitor Fernandinok. Gorputza, entzumena, begirada eta kidea oinarri hartuta, istorioak kontatzen saiatuko dira.
Azkenik, Idurre Azkueren eskutik gorputza eta dantza ikastaroan gorputz kontzientzia landuko dute, eta haren bitartez norbere baitan esnatzen diren espazioen, sentsazioen eta energiaren kontzientzia ere bai.
EGUTEGIA:
- Martxoak 28, astelehena: Obarixo Biaz. 21:00etan, udal aretoan.
- Martxoak 29, martitzena: Zerura eroria. 21:00etan, udal aretoan.
- Martxoak 30, eguaztena: Itsasoari negar. 21:00etan, udal aretoan.
- Martxoak 31, eguena: Dantzagurea. 21:00etan, udal aretoan.
- Apirilak 1, barikua: Etxekoak. 22:00etan, frontoian. Ondoren, Errime kontzertu akustikoa, Gaztetxean.
- Apirilak 2, zapatua: Zuek. 17:30ean eta 19:30ean, karpan.
- Apirilak 2, zapatua: Gelajauziak. 22:00etan, frontoian. Ondoren, ikuskizun ibiltaria Lekittoko Deabruak eta K-TUM-K batukadaren eskutik.