Jai egun handia Pazko astelehenean ospatuko baldin badute ere, aurretik, Aste Santuan ere zer ospatua egongo da Mutrikuko Galdona auzoan. Urteroko osagaiekin prestatu ditu Kaltzakorta Irusta sendiak
Galdonako jaiak aurten ere, inoiz hutsik egiten ez duten osagaiekin. Herritar guztiak jaiak ospatzera gonbidatu dituzte.
Galdona auzoa. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Jaiak etzi [martxoak 25] abiatuko dira,
42. Tute Txapelketarekin. Bertan parte hartu nahi duten bikoteek egunean bertan izena emateko aukera izango dute. Antolatzaileek aurreratu dutenez, bikote bakoitzak 18 euro ordaindu beharko ditu izena ematerako orduan eta kanporaketak zozketa bidez egingo dira. Irabazleek txapela eta 200 euro jasoko dituzte, eta hurrengo hiru sailkatuek ere sariak izango dituzte.
Zapatuan [martxoak 26], aldiz,
II. Mus Txapelketa jokatuko da. Izena emateko era eta sariak Tute Txapelketako antzekoa izango da.
Aurten Mus Txapelketan banatuko diren txapelak. Argazkia: Galdona taberna
Pazko Astelehenean [martxoak 28] egingo dira ekimenik gehienak, 12:00etako mezarekin hasita. Urtero egin modura, meza ondoren, bertsolarien saioa egingo da. Aurten, Mañukorta eta Seberio ariko dira bazkal aurreko uneak alaitzen.
Arratsaldean berriz, euskal ohituren plaza bihurtuko da Galdona. Herri kirol erakustaldiak aizkolari eta harri-jasotzaile ezagunak bilduko ditu taberna aurreko plazan. Aizkoran Olatz auzoko Iturritza baserriko Ugaitz eta Aratz Mugertza anaiak eta harrijasotzen, aldiz, Agustin Arruti
Landarbide eta Jose Ramon Iruretagoiena
Izeta II.a ariko dira.
Herri kirolen erakustaldia, Galdonako Pazko jaietan
Herri kirolak amaitu eta gero, txikienek gehien gozatzen duten unea etorriko da; Gorritiren animalien saio berezia. Eguna amaitzeko, arkumearen zozketa egingo dute.
EGITARAUA
Martxoak 25, barikua
- 16:30. 42. Tute txapelketa.
Martxoak 26, zapatua
- 16:30. II. Mus txapelketa.
Martxoak 28, astelehena
- 12:00. Meza.
- Ondoren. Mañukorta eta Seberio bertsolarien saioa.
- 18:00. Herri kirol jaialdia
- Aizkoran: Ugaitz Mugertza eta Aratz Mugertza mutrikuarrak
- Harrijosotzen: Agustin Arruti Landarbide eta Izeta II, hainbat harri motarekin
- Ondoren. Gorritiren saio berezia. Pottokak, oilarrak, zezen txikiak…
- Bukatzeko. Arkumearen zozketa.