Boga! mendi martxak ondo errotuta dagoela erakutsi du. Beste urte batez, dozenaka mendizale batu ditu
Aurrera Mendi Taldeak eta
Zubi Zahar herri ikastolak antolatutako kirol proposamenak.
Hain zuzen ere, domekan [apirilak 3],
742 lagun batu ziren 6. Boga! mendi martxan. Ohikoa den legez, 24 kilometroko martxa motzean parte hartu zuen gehiengoak (354 lagun), eta 54 kilometroko martxa luzean eta 11 kilometroko txikian, 208 eta 180 mendizalek parte hartu zuten, hurrenez hurren.
Boga! mendi martxako lau parte hartzaile Tontorramendi bidean. Argazkia: Aurrera M.T.
Parte hartzaile gehienak herritarrak eta inguruko herrietakoak izan baziren ere, urrutiagotik etorri zenik ere egon zela aipatu dute antolatzaileek. “Herritarrek, batez ere, martxa txikian eta motzean parte hartzen dute, eta kanpoko jendea, ostera, martxa luzean parte hartzera etortzen da”.
Parte hartzaile guztiek kamiseta bana eta edalontzi tolesgarri bat jaso zuten opari, bidean ura edota freskagarriak edan ahal izateko.
Boga! mendi martxako parte hartzaileak. Argazkia: Aurrera Mendi Taldea
Aurten gainera, KamiƱaldeko mendi magalean lurra kentzeko beharrak direla eta,
ibilbide motzaren eta luzearen ibilbideak moldatu egin behar izan dituzte, eta aldaketa horiek parte hartzaileek begi onez ikusi dituztela ere nabarmendu dute antolatzaileek. “Ez da erraza izaten gauzak azken orduan aldatzea, baina jendeari aldaketa gustatu zaiola dirudi. Denak gustura ikusi genituen Ondarroatik Berriatura doan bide horia zeharkatzen”.
Era berean, ibilbidea moldatu behar izan zenez, horien luzera zer edo zer motzagoa izan zela ere aipatu dute antolatzaileek. “Gutxi gorabehera, kilometro eskas motzagoa izan zen”.
Boga! mendi martxako hiru parte hartzaile, bidean. Argazkia: Aurrera Mendi Taldea
Antotzaileek azpimarratu dutenez,
pozik daude beste behin ere mendi martxak izan duen arrakastagaz. “Mendian ibiltzeko egun aproposa izan zen domekakoa, eguraldi ederragaz giro polita egon zen. Aurten ere jendearen aldetik oso erantzun ona jaso dugu, eta pozik gaude. Herrian ondo errotuta dagoen mendi martxa dela deritzogu, eta urtero hutsik egiten ez duten mendizaleak batzen dira bertan”.
Antolatzaileek iragarri dutenez, gainera, mendi martxa
luzaroan antolatzen jarraitzeko asmoa dute, horretarako baina, elkarlana “ezinbestekoa” dela diote. “Talde ona osatzen dugu Zubi Zahar ikastolako eta Aurrera Mendi Taldeko kideok. Izan ere, bat bestea ezinbestekoa dugu maila honetako mendi martxa bat antolatzeko”.
Elkarlanaz gain, antolaketa beharretan laguntzen duten
boluntarioen lana ere “txalotzekoa” dela adierazi dute. “100 boluntariotik gora batu ginen, eta horien guztien lanik gabe, ezinezkoa litzateke hau beste behin ere posible egitea. Aurten, esaterako, Koaxi Triatloi Taldeko hainbat kideren laguntza izan dugu, eta horiei ere gure eskerrik beroenak eman nahi genieke”.