Hamaikagarrenez egin dute Aulestin Artedrama, eta beste urte betez jendetza batu da. Ikastaroak zein emanaldiak arrakastatsuak izan direla nabarmendu dute Artedramako kideek, eta emaitzagaz pozik daude.
“Uste dugu ikasleentzat ez ezik, herritarrentzako ere esperientzia aberasgarria izaten dela urtero Artedrama. Herriak zuzenean parte hartzen du. Eta oro har, parte hartzen duten denen artean oso saltsa polita sortzen da; aste-kultural bat sortzen da Aulestiko herrian, eta antzerkigintzaren arnasgune bat bihurtzen da, gozoki bat moduan”, zehaztu du Ander Lipus Artedramako kide eta ikastaroetako baten irakasleak.
Ikasleak ikastaroetako batean parte hartzen. Argazkia: Artedrama
Urtero legez, ikastaroak “elkartruke oso interesgarriak” izan direla zehaztu du Lipusek. “Aurten ere oso emankorra izan da, sei irakasle aritu gara, eta matrikulazioa ikaragarria izan da, oso bizkor apuntatu zen jendea, baina hamalau ikasle baino gehiago ezin dira sartu”. Hala ere, azken orduan ikasleetako batek joan ezin izan zuenez hamahiru ikasle izan dituzte.
Bazter guztietako ikasleak izan dira Aulestin, tartean Lea-Artibai eskualdeko bi ordezkari, aulestiarra bata, eta ondarrutarra bestea. Lipusen ustez horrek esan gura du eskualdean bertan ere badagoela zaletasuna, eta ofizioari begirunea dion jendea: “Eta behintzat ofizioan sartu nahi duena pixka bat sakontzera; zer den antzerkia egitea, zer den aktore izatea etab”.
Ikastaroak oso-oso ondo joan direla azpimarratu du. Urtero oso aberasgarria eta pozgarria izaten dela dio, eta ikasleek ikastoretan gozatzen duten moduan, Aulestin bizitzen den giroagaz ere gozatzen dute.
Gainera, sarritan emanaldiak irakasleekin lotuta daude. Hau da, irakasleak ematen die ikastaroa, eta gero irakaslea eszenatoki gainean ikusteko aukera dute, eta hori ere gauza ederra dela uste du Lipusek.
Argazkia: Artedrana
Era berean, emanaldiak jendez betetzea “itzela” dela dio aktore markinarrak: “Kasu honetan, aurten nabarmenduko nuke publikoaren erantzuna. Jendetza batu da. Astelehenean kultur etxea gainezka zegoen, eta hori izan da aste osoan zehar aipagarriena. Emanaldi guztietan zelan jendeak ez duen hutsik egin, eta bai aulestiarrak, bai ikasleak eta baita kanpotik etorritakoak ere zelan parte hartu duten”.
Askotarikoak izan dira emanaldiak, eta genero desberdinak bildu dituzte astebetez Aulestin. Umorea, kritika, ironia, musika, dantza… gozatzeko hamaika aukera eskaini dituzte Artedramako kideek. Bariku gauean, esaterako,
Etxekoak antzezlana ikusteko, frontoian hotz itzela egin arren jendetza batu zen, eta hotzak ez zuen inor kikildu. “Frontoia hor beteta ikustea, eta emanaldia zelan jarraitzen zuten ikustea ikaragarri ederra izan zen”.
Bestalde, Rouge Elea taldeak karpatxo bat montatu zuen zapatuan, eta arratsaldeko emanaldi bietan jendea egon zen: “Haien
Zuek lana oso emanaldi entrañablea da, oso polita eta oso ondo funtzionatu du karpan antzerki hori egiteak, oso esperientzia polita izan da”. Ostean, gauean Kukai dantza taldearen dantza ikusgarriekin gozatu zuten frontoian bildutakoek.
Eskualdeko partaidetza
Argazkia: Artedrama.
Halaber, topaketari amaiera borobila eman zieten Aulestiko K-TUM-K batukada taldeak eta Lekeitioko Deabruak taldeak elkarlanean. Lipusek azaldu duenez, ilusio asko egiten zien Artedraman egoteak, eta polita izan zen Aulesti halako animazio batekin betetzea eta aurtengo Artedrama horrela amaitzea. Jai giro ederra sortu zuten; herria erdi ilunetan, haien suekin soilik argituta, eta batukadaren soinuak lagunduta girotu zuten.
“Oso pozik gaude. Bi zutabe daude antzerkiaren etxe honen oinarrian. Alde batetik, barrura begira egiten den formakuntza-ikastaro hori, gehiago dena antzerkigintzan gabiltzanentzako. Eta gero bestea ikusgarritasunera zuzendua, eta herrira zuzendua eta publiko bati zuzendua, eta da jaialdia bera. Jaialdiak hartu duen dimentsioa ikaragarria da. Esaterako, Aulesti bezalako herri txiki batean, astegun batean, 150 pertsona egotea emanaldi batean ikaragarria da, izugarri ederra da. Eta kanpotik etortzen den jendea ere harrituta gelditzen da Aulestin sortzen den giroarekin eta herri-antzerkiak hartzen duen xarma horrekin. Estruktura oso apalekin egiten den antzerkia, eta ikusten den antzerkia”, adierazi du Lipusek.