Herritar guztientzat irekia izango den bilera antolatu du Mutrikuko EH Bilduk, eguenean [apirilak 7], 19:00etan, Zabielen. Hainbat gai landuko dira, eta gai bakoitzari 15 minutuko tartea eskainiko zaiola aurreratu dute antolatzaileek. Horrez gain, beste ordu erdi eztabaidarako izango dira. “Ahalik eta pertsona gehienek parte har dezaten, moderatzaileak bost minutuko bi aukera emango dizkio pertsona bakoitzari”.
Landuko diren gaien artean, esaterako,
herrigintza eztabaidatuko da. EH Bilduren ustez, Mutrikurako interesgarriak diren gai zerrenda aurkeztuko litzateke, herritar guztien ekarpenekin. “Gai zerrenda irekita dago, inork luzatu nahiko balu ere”.
Mutrikuko Zabiel jauregia
Horrez gain, EH Bilduren
eskaintza politiko berriaren eta komunitatearen sorreraren inguruan hitz egiteko aukera ere egongo da. Bertan, aurrera begira koalizioaren ardatz nagusiak zeintzuk izango diren agertuko dira. “Horretarako eztabaida eta ekarpenak jaso nahi dira”.
Azkenik,
lehendakari izateko hautaketa prozesuaz ere ariko dira, eta bertan, Arnaldo Otegiren aldeko proposamena agertuko da. “Erabaki honen inguruko testuingurua eta arrazoiak azalduko dira. Bertaratzen garen guztiok izango dugu aukera ekarpenak egiteko, era batera zein bestera. Bozketa ere izango da”.