Zapatuan [apirilak 2] Murtziako Cacigal-eko rokodromoan jokatutako Espainiako Eskalada Kopako denboraldiko lehen txapelketan hirugarren postua lortu du Iñaki Arantzamendi Irueta eskalatzaile ondarrutarrak, zailtasun mailan. Txapelketako finalean beste lau bidar sartu bada ere, podiuma egiten duen estraineko aldia izan da oraingoa.
Lehenengo probari dagokionez, ondarrutarraren aurretik Javi Cano eta Ramon Julian sailkatu ziren lehen eta bigarren postuan, hurrenez hurren.
Eskalatzaile ondarrutarrak esan duenez, Cano-ren eta Julian-en moduko maila duten eskalatzaileekin batera podiuma egitea oso
pozgarria da. “Nazioarteko mailan aritzen dira lehiatzen, eta eurekin batera podiumera igotzea oso hunkigarria izan da niretzat”.
Arantzamendik nabarmendu duenez,
fisikoki gustura eta indartsu sentitu zen Kopako lehen jardunaldian. “Sentsazio onekin atera nintzen. Gogotsu nengoen eta gozatzeko aukera ere izan nuen”.
Espainiako eskalada kopako podiuma. Argazkia: Carlos Perez / FEDME
Denboraldiari jarraipena beste bi probak emango diote; hurrengoa Zaragozan jokatuko da, apirilaren 9an eta 10ean, eta azkena, Bartzelonan jokatuko da, maiatzaren 14an eta 15ean.
Sailkapena:
- Javier Cano Blazquez. 100 puntu TOP
- Ramon Julian Puigblanque, 80 puntu. TOP
- Iñaki Arantzamendi Irueta, 65 puntu