Mikel Landa murgiarrak irabazi du Markina-Xemein eta Garrastatxuko ermita lotu dituen 56. Euskal Herriko Itzuliko 2. etapa. Markina-Xemeingo Zelaiaren goiko partetik abiatu dira gaurko jardunaldian parte hartu duten 158 txirrindulariak, Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak, Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkatea eta Joseba Iraolagoitia Markina-Xemeingo Udaleko kirol zinegotziak, bigarren egunez, irteerako zinta ebaki ondoren.
174,3 kilometro, lau mendate, eta helmuga maldan gora izan dituzte aurretik, Garrastatxuko ermita ondora iristeko. Lau kilometroko aldapa latza igo behar izan dute txirrindulariek eta Sky taldeko arabarrak ustekabekoa eman du etapa irabaziz.
Bere bigarren itzulia du Mikel Landak eta lehen etapan ezinean ibili zela esan bazuen ere, gaur, buru buruan jarri da arabarra, azken aldapetan.
Lotto Jumbo taldeko Wilco Kelderman txirrindulariagaz batera aurrera egin du Landak azken kilometroetan, eta holandarra metro batzuk atzean utzi du, besoak altzatuta, Garrastatxuko helmugatik pasatzeko.
Arabarra eta holandarraren ondoren sartu dira jarraian Sky taldeko Sergio Luis Henao, BMC Racing taldeko Samuel Sanchez eta bosgarren postuan Tinkoff taldeko Alberto Contador.
Garaipenaz gain, liderraren elastikoa jantzi du Arabako txirrindulariak.
Lea-Artibai eta Busturialdeko txirrindulariei dagokienez, Pello Bilbao gernikarra 13. postuan sailkatu da gaur, garailearengandik 19 segundora. Amets Txurrukak, berriz, 140. postuan igaro du helmuga.
Ikusmina
Etxebarria eta Markina-Xemein arteko lehen etapan bezela, ikusmin handia eragin du Itzuliak, gaur ere, Markina-Xemeinen. Goiz erdian ailegatu dira irteerako udalerrira taldeen autobusak, eta txirrindularizale heldu eta gaztez bete da udaletxe osteko aparkalekua.
Argazkiak atera eta sinaduren bila ibili dira ikastetxeetako ikasleak ere. Autobus guztietan batu dira ikusleak kuxkuxeatu nahian, txirrindulari ezagunen bila, baina, Orica GreenEdge taldearen autobus aurrea bete dute, batez ere, Amets Txurruka Etxebarriko txirrindulariaren taldearena. «Amets, Amets» deitzen ibili dira gaztetxoak txirrindularia atera denera arte, eta guztiek nahi izan dute bere sinadura.
Udaletxe aurreko plaza ere bete egin da. 56. Itzulian parte hartzen ari diren txirrindulariak pasatu dira bertan jarri duten sinadura mahaitik. Horrela, ikusleek, txirrindulari guztiak hurre-hurre ikusteko aukera izan dute.
Bertan egon dira, besteak beste, 56. Itzulia irabazteko faboritoen artean dauden Alberto Contador (Tinkoff), Fabio Aru (Astana), Joaquim Rodriguez (Katusha) iazko irabazlea eta Nairo Quintana (Movistar). Sinatzen azkenetakoa izan da, bestalde, Itzuliari hasiera eman zion Etxebarria eta Markina-Xemein arteko lehen etaparen irabazlea Luis Leon Sanchez (Astana).
Amets Txurruka (Orica) etxebarritarra eta Pello Bilbao (Caja Rural) gernikarragaz gain, Itzuliko beste euskal txirrindulariak ikusteko aukera ere izan dute gaur goizean, Markina-Xemeinen egon direnek: atzo mendiko maillota eraman zuen Jonathan Lastra (Caja Rural), Mikel Landa, Xabier Zandio eta David Lopez (Team SKY), Igor Anton eta Omar Fraile (Qhubeka), eta Haimar Zubeldia (Trek-Segafredo).
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.