
20:00etan udal liburutegian egingo dute ordu bete inguru iraungo duen aurkezpen ekitaldia. Ikus-entzunezko lan batekin hasiko dute aurkezpena, eta ondoren Jokin Urain proiektuaren koordinatzaileak azalduko ditu liburuaren sortze prozesuaren nondik norakoak.
Halaber, Mertxe Txibite Frantziako Reu kartzelan dagoen euskal presoaren eta Joxe Manuel Pagoaga Peixoto eta Alfonso Etxegarai erbesteratuen adierazpenak entzuteko aukera izango dute bertaratzen direnek, zenbait audio eta bideoren bitartez. Era berean, Joseba Sarrionaindiaren adierazpenak ere entzungo dituzte.
Bestalde, bertaratzen direnen artean sinatutako bi liburu zozkatuko dituzte.
400 bat preso eta erbesteraturen ametsak eta testigantzak jasotzen ditu Ametsen liburuak (Astero argitaletxea). 960 orrialdeko lanean eskuz idatzitako testigantza intimoak ageri dira. Argazkiez lagunduta osatu dute liburua, eta 47 euskal artisten sormen lanak ere biltzen ditu. Besteak beste, sortzaile hauek parte hartu dute: Jose Luis Zumeta, Judas Arrieta, Tasio, Eider Eibar, Juan Gorriti, Erramun Landa, Jose Antonio Sistiaga eta Arrate Rodruiguez.