Otsailean hasita hilero egin moduan, Gaztetxea “biziberritzen jarraitzeko”, apirilerako egitarau oparoa aurkeztu dute Mutrikuko Gazte Asanbladako kideek herriko hainbat talderekin lankidetzan. Hurrengo egunotako ekimenak Mutrikuko Rock Kolektiboa eta Bai Txo! euskara elkarteko kideekin batera antolatu dituzte.
Apirilari dagokionez, ohiko eskaintza kulturalaz gozatu ahal izango da. Egitarauan, besteak beste,
ez da kontzerturik faltako. Apirilaren 16an, esaterako, herriko hainbat talde eta musikari Gaztetxeko oholtza gainera igo eta
Bertsio gaua eskainiko dute. Su ta gar, Gatibu, Extremoduro eta beste hainbat talderen kanturik ezagunenak entzuteko aukera egongo da. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, kontzertuekin batzen den dirua, gainera, Jai Batzordearen alde izango da.
Era berean, apirilaren 29an,
Ekiza eta Olatz Salvadorren kontzertu akustikoez gozatzeko aukera izango dute Gaztetxera hurreratzen direnek.

Mutrikuko Gaztetxea
Kontzertuez gain,
bertoko historian sakontzeko aukera ere egongo da herriko historialarien eskutik. Bihar [apirilak 7], 19:00etan, Edurne Mendizabal eta Ainhoa Bragadoren eskutik, Mutrikuko kostaldeko fosilen inguruko
Mutrikuko itsas altxorrak hitzaldia egongo da. Lander Arbelaitz kazetariak, aldiz,
Komunikazio gerrilla hitzaldia eskainiko du, apirilaren 22an.
Bestalde, Bai Txo! elkartekoen eskutik,
Euskara jendea deritzon tailerra egingo da. Hiru saiotan, euskal hizkuntzaren historian sakontzeko aukera izango da. “Bideo emanaldi, elkarrizketa eta lagun arteko solasaldiekin euskarak aintzinatik gaur egunera arte eduki duen bilakaera ezagutzeko aukera izango dugu”.
EGITARAUA:
- Apirilak 7 (eguena), 19:00etan. Mutrikuko itsas altxorrak hitzaldia, Edurne Mendizabal eta Ainhoa Bragadoren eskutik.
- Apirilak 9, 16 eta 23, 10:30ean. Euskara jendea tailerrak.
- Apirilak 9. Historiaren atarian/Erromako inperioa.
- Apirilak 16. Aniztasunaren bidean/Mugetan gaindi
- Apirilak 23. Gerren arteko pizkundea/Mundua osatzen
- Apirilak 16, 22:30ean, Bertsio gaua.
- Apirilak 22, 19:00etan, Lander Arbelaitzen eskutik, Komunikazio gerrilla hitzaldia.
- Apirilak 29, 22:30ean, Ekiza eta Olatz Salvadorren kontzertua.