Emozio hezkuntza eta literatura tailerra emango dute Berriatuan
Datorren astean bi saio egingo dituzte, hilaren 13an eta 15ean. Biak 17:30ean hasiko dira. Interesa duten herritar guztiei zuzendutako ikastaroa da, baina, batik bat 0 eta 8 urte bitarteko umeen gurasoei begira prestatu dute. Juan Carlos Alonso psikologoak gidatuko ditu saioak.
Tailerrean parte hartzeko udaletxean edo udal liburutegian (Kultur Etxea, Erribera 40) izena eman behar da. Bertaratzerik ez dutenek, telefono zenbaki honetara deitu dezakete: 946 137 030. Halaber, udalaren helbide elektronikora idazteko aukera dago: udala@berriatua.org.
Lantegia doakoa da, baina, gehienez 20 pertsonak parte hartu dezakete.
Besteak beste, haurren zailtasunak eta gatazkak gainditzeko haur literaturak duen eragina aztertuko dute ikastaroan. Era berean, irakurketak eta ipuinek eragiten duten emozio-sentikortasuna estimulatzeko moduak ere landuko dituzte.
Seme-alaben ikasketa emozionala nola gauzatzen den ikasteko ere baliatuko dituzte saioak, eta ipuinak terapeutikoak izan daitezkeen edo ez eztabaidatzeko tartea hartuko dute.