Dantza taldearen 50. urteurrena hasi da ospatzen Markina-Xemeingo Zerutxu. Horrela, herritarrekin eta herritarrentzako, jaialdi berezia zabaldu zuten joan den zapatuan [apirilak 2] udalerri osora, herriko txoko guztiak, dantza, doinu eta kolorez apainduz.

Zerutxuko gazteak Arkupe aurrean dantzan, zapatu goizean. Argazkia: Zerutxu
Zerutxuko dantzari gazte eta txikiak izan ziren goizeko protagonistak, eta artista gazteek era guztietako dantzaldiekin gozarazi zituzten herritarrak.
Dantza taldeko nagusiek hartu zuten arratsaldean txanda, alde zaharreko kaleak ikuskizunez jantziz.
Era askotako dantzak plazaratu zituzten Zerutxuko neska-mutilek, urte guzti hauetan landu dutenaren erakusgarri.

Zerutxuko nagusiak dantzan, udaletxe aurreko plazan. Argazkia: Zerutxu