2016 bidea, gidatutako 32 mendi-etapaz eta 100 ekintza kultural baino gehiagoz osatutako ibilbidea, Bizkaira helduko da domekan [apirilak 10]. Guztira bost etapa egingo dira Bizkaian, apirilaren 10etik maiatzaren 8ra bitartean, eta 3. etapak eraikiko du euskal probintzien arteko lehen zubia, Deba eta Markina-Xemein lotuz.
Javier Isasi Giroa Veolia energia kudeaketa enpresaren Bizkaiko zuzendaria, Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkatea, Lorea Bilbao Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua eta Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendaria, gaur goizean, Markina-Xemeingo udaletxean egindako aurkezpen ekitaldian.
Bizkaian egingo diren bost etapak azaltzeagaz gain, 2016 bidea Donostia 2016 Europako Kultur Hiribiruaren mugaz gaindiko proiektua dela azpimarratu dute, gaur goizean, Markina-Xemeingo udaletxean egin duten aurkezpenean, Xabier Paya Donostia 2016ren kultur programaren zuzendariak, Lorea Bilbao Ibarra Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak, Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak eta Javier Isasi proiektua babesten duen Giroa Veolia energia kudeaketa enpresaren Bizkaiko zuzendariak. Donostia 2016k hasieratik eduki duen lurraldera zabaltzeko asmo hori Markina-Xemeingo kasuan, esate baterako, oso ongi ikusten dela azaldu du Xabier Payak. “2016 bidea hemendik pasatuko delako, Emusik Europako musikari gazteen jaialdiak Markina-Xemein bere egoitzetako bat izango duelako, eta, besteak beste, Aimar Arriola edo Iratxe Jaio markina-xemeindarrek Donostia 2016ren hiru proiektutan parte hartzen dutelako, bai artista zein koordinatzaile moduan”.
2016 bidea martxoaren 27an hasi zen, eta orain arteko parte hartzeak aurreikuspen guztiak bete dituela aitatu du Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuak.
“Ibilian egiten da kultura goiburupean herritarren interesa piztu du egitasmoak mendizaletasuna eta kultura bezalako bi diziplina uztartuz. Oso proiektu erakargarria da eta Bizkaira pasatzerakoan ere, parte hartzea mantendu edo handitzea espero dugu, eta beraz, herritarrak proiektuan parte hartzera animatzen ditugu”.
Donostia 2016 izena badarama ere, proiektua lurralde guztirako dela ona nabarmendu du Euskara eta Kultura diputatuak. “Kultura ez bait da Donostiakoa edo Bilbokoa edo Gasteizkoa edo Baionakoa. Kultura, euskal kultura da, euskararen lurralde guztiak batzen dituen kultura”.
Etapak
2016 bidea proiektuaren asmoa, 32 etapatan Euskal Herriko bost probintzia igarotzea da, ia 6.000 kilometro inguru eginez. Baina, proiektuaren helburua bizitza osasuntsu bat igortzeagaz haratago doala azpimarratu du Xabier Payak, proiektuak gizabanakoaren osasuna, ingurumenaren ezagutza eta gainera, gaur egun, Europako kultur sektorean oso esanguratsua den audientzia berrien sustapena ere badakarrela azalduz. “Helburua ingurua ezagutzea izango da; inguru horretan dauden baliabide kultural eta natural denak ezagutzea, baina kulturaren bitartez, eta horretarako ibilbide bakoitzak kultur programa bat izango du”.
Bizkaian egingo diren etapak hauek izango dira:
Etapetan parte hartzeko bi modu daudela jakitera eman dute. Alde batetik, 2016bidea.dss2016.eu webgunean sartu eta izena eman daiteke ibilbideko taldean parte hartzeko. Horretarako autobusak jarriko dituzte Donostiatik, baina, etapa burutzen den inguruan ere autobusak jarriko dituzte etaparen hasierara joan eta bide osoa egin ahal izateko.
Izena emateak autobusaz gain, mendian ibiltzeko asegurua ere barne duela zehaztu dute.
Bestalde, izena ematen ez dutenek ere parte hartu dezakete proiektuan, ekintza kulturalak egingo dira eta etapa guztien hasieran, erdian eta amaieran, eta herritar denak gonbidatu dituzte horietan guztietan parte hartzera.
Deba-Markina-Xemein, Mutrikutik igarota
Domekan egingo den Deba eta Markina-Xemein lotuko dituen 3. etapa kantuagaz eta musikagaz lotuta egongo da. Etapak Mutrikuko mendiak zeharkatuko ditu Markina-Xemeinerako bidean, gipuzkoatik bizkaiarako pausoa emanez. Ekintza kulturalak herri bien artean burutuko dira.
Hiru ekitaldi nagusi egongo dira, eta Aitorren Hizkuntz Zaharra doinua izango da geldialdi guztiak lotuko dituen haria. Lehenengo ekitaldia Kalbaixoko ermitan izango da, 10:00etan, eta Soka taldeak, Ganbara Musikak eta Folk taldeak hartuko dute parte bertan.
Bigarren ekitaldia, 12:30 inguruan izango da, Kostolamendi inguruan. Trikitixa, Akordeoi, Euskal Musika eta Avanti taldeen bertsio ezberdinak entzuteko aukera egongo da.
Bidean bazkaldu ondoren, Arretxinagatik ailegatuko dira ibiltariak Markina-Xemeinera, eta beraz, Arretxinaga ezagutzeko aukera izango dute eskainiko zaien bisita gidatuaren bidez.
Egunari amaiera emateko, kontzertu erraldoi bat emango dute Mutrikuko Udal Musika Eskolako ikasleek, Markina-Xemeingo Xemein Abesbatzak, Gazte Ahots Abesbatzak eta Emeki Koralak Xemeinen.
Ibilbidea oinez egiten denez, ordutegiak, bete nahi badira ere, gutxi gorabeherakoak direla azaldu dute antolatzaileek.
Autobusak
2016 bideak hiru autobus antolatuko ditu parte-hartzaileak etaparen abiapuntura eramateko. Horietako bi Donostiatik irtengo dira eta hirugarrena etaparen helmugatik irtengo da eta herriz herri pasatuko da etaparen abiapunturaino heldu arte.
IRTEERADonostia-Deba autobusa
17:45. Markina-Xemein: Xemeingo parrokiaren ondoko aparkalekuan.
Herriz herri
17:45. Markina-Xemein: Xemeingo parrokiaren ondoko aparkalekuan.
18:15. Mutriku: Goiko parada.
18:45. Deba: Calbeton Zumardia.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.