Euskaraz irakurtzeko gonbidapena egin du aurten ere Euskaltzaleen Topaguneak, hamargarrenez,
Irakurri, gozatu eta oparitu kanpainaren bitartez. Eta Ondarroak kanpaina horregaz bat egin du. Aurten, gainera, aurreratu egin dute kanpaina, eta apirilaren 1ean hasi da. Maiatzaren amaierara arte egongo da martxan; berrikuntzak ere badakartza.
Aipagarriena da Patxi Zubizarreta idazleak egindako gomendioen zerrenda. Euskaltzaleen Topaguneak eskatuta, euskarazko
50 liburu zerrendatu ditu, horien irakurketaren gomendioa eginez. Sailkapena egiterakoan, gainera, bost adin tarte hartu ditu kontuan idazle ordiziarrak.
Hedatzen ari den ekimena da Topaguneak zein hainbat euskara elkartek, udal liburutegik eta dendek bultzatzen dutena. Aurten Hego Euskal Herriko
50 herrik parte hartuko dute; alegia, iaz baino bederatzi udalerri gehiagok, eta duela hiru urte baino 26 gehiagok.
Herritar bat, euskarazko liburu bat irakurtzen.
Pausoak. Leloak dioen moduan, hiru pauso bete beharko dituzte kanpainan parte hartu nahi duten herritarrek: irakurri, gozatu eta oparitu. Aurreko urteetan legez, euskarazko liburu bat maileguan hartu, irakurri eta bueltatzean fitxa bat bete beharko dute erosketa-txekea jasotzeko.
Ondoren, kanpainarekin bat egin duten liburu dendetan erabili ahal izango dute txeke hori. Liburutegian jasotako erosketa-txekearekin, euskarazko beste edozein
libururen prezioaren %35 ordainduko dute.
Ondarroan
Idiakez eta Zurrumurru liburu dendetara jo dezakete herritarrek.
Aurreko urteetan frogatu denez, kanpainak eragin positiboa izaten du herritarrek liburutegian egiten duten euskarazko liburuen mailegu kopuruan.
Izan ere, egitasmoaren helburuetako bat hori da; alegia, euskaldunak liburutegi publikoen erabiltzaile bihurtzea. Era berean, ekimenak liburuen salmentan izaten duen eragina ere kontuan hartzekoa dela azpimarratu du Euskaltzaleen Topaguneak.