Ondarroako KamiƱaldeko lur jausia dela eta, martxoaren 13an egin beharreko Hartu Trena! bertan behera geratu eta gero,
maiatzaren 8an egingo da preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko ekimena,
Sare herritarrak eta Iparra Galdu Baik plataformak elkarlanean antolatutako ekimena. Baina atzeratutako tren ibiltariaren eguna ailegatu bitartean, trenaren bagoiak betetzen hasiko dira pixkanaka. Ekimenak helmuga bakarra du: giza eskubideak errespetatzea.
Giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzen duen iniziatibak preso gaixoen askatasuna eskatzen du, tartean larriki gaixorik dagoen Ibon Iparragirre Burgoa herritarrarena. Ekimenaren helburua
jendartearen aktibazioa da, eta preso dauden herritarren giza eskubide horiek errespetatu daitezen bermatzea du oinarri, eta ideologia guztien gainetik giza eskubideen alde dauden guztiek lekua gordeta dute bertan.
Hartu Trena! ekimenerako deialdia
Domekan [apirilak 10] hasita, trena atera kalera aterako da, eta maiatzaren 8a ailegatu bitartean,
tartekatutako hitzorduak egingo dira ekimen nagusia berotzen joateko.
Ondarroan prestatu duten lehenengoko ekimena domekan, 11:00etatik 14:00etara, Alamedan egingo den
photocall-a izango da. Bertara hurreratzen diren herritarrek,
trenaren lokomotaragaz eta bagoiagaz argazkia ateratzeko aukera izango dute,
Nik hartukot lelopean. Domekako aukeraz gain, apirilaren 16an eta 30ean, beste
photocall bi egingo dira; kasu horretan, moilan.
Argazkiak ateratzeaz gain,
herriko tabernetan bideo emanaldiak ere egingo dira apirilaren 21ean eta 28an. Apirilaren 21ean, Ibon Iparragirre larriki gaixorik dagoen herritarrari buruzko bideo bat proiektatuko dute. Bertan, besteak beste, Iparragirreren bizia eta harek egunotan bizi duen egoera azaltzen da. Apirilaren 28an, ostera, hainbat atxikipenek osatzen duten bideoa proiektatuko da tabernaz taberna.
Ekimenak
maiatzaren 8an, 12:00etan, Zaldupeko Zubian hasiko den tren ibiltariarekin amaituko dira, larriki dauden presoen etxeratzea aldarrikatuz.
Presoen aldeko ekimenak
Bestalde, aste osoan presoen inguruko hainbat ekimen ari dira egiten Beasaingo Gaztetxean, eta, zapatuan [apirilak 9],
Irrifarra Galdu Baik Circus jaialdi handia egingo da Beasaingo Gaztetxean, Ibon Iparragirre eta gainontzeko presoen alde.
Ekimenak bazkariagaz hasiko dira, 14:00etan, Xtrem Kulinary ezker sukaldariaren eskutik. Bapo bazkaldu ostean, 17:00etan, bideo emanaldia eta solasaldia egingo dira, eta 19:00etatik aurrera, Zirkus Kabare Txow-a hasiko da. Egunagaz amaitzeko, 23:00etatik aurrera, bakarlarien kontzertuak egongo dira, eta jaia Kutrongoren multimedia erromeriagaz amaituko da.
GIZA ESKUBIDEEN TRENA. EGITARAUA:
- Apirilak 10 (domeka), 11:00-14:00. Alamedan, photocall-a.
- Apirilak 16 (zapatua), 11:00-14:00. Moilan, photocall-a.
- Apirilak 21 (eguena), 19:00. Tabernetan, bideo emanaldiak.
- Apirilak 28 (eguena), 19:00. Tabernetan, bideo emanaldiak.
- Apirilak 30 (zapatua), 11:00-14:00. Moilan, photocall-a.
- Maiatzak 8 (domeka), 12:00. Zaldupeko zubitik hasita, Hartu trena!