Asteon baxurako arrantzaleek nahikoa arrain porturatu dute Ondarroako Egidazu Kaian. Hala ere, gaur [apirilak 7], ez dute arrain gehiegirik lehorreratu. “Ontzi gehienak Santoña (Kantabria, Espainia) aldean antxoa asko harrapatzen ari direla eta, hara joan dira, baina ia gehienak esku hutsik bueltatu dira”, adierazi dute Ondarroako Kalare Deuna kofradiako arduradunek.
Antxoari dagokionez, gaur oso gutxi saldu da kofradiako bentan,
4.000 kilo inguru, eta gehiena, freskorako saldu dute. Arraina zer edo zer handiagoa izan denez, kiloan 42-36 ale inguru, eta kopurua ere txikia izan denez, nahikoa garesti saldu da kiloa,
6,90 euro inguruan.
Baxurako ontziak gaur goizean Ondarroako portuan lotuta
Antxoaz gain,
300 kaxa sardina saldu dira goizean, eta Bilboko kabran harrapatutako beste
1.200 kaxa berdel ere lehorreratu dituzte. Berdela, euroaren bueltan saldu da. Berdelari dagokionez, gainera, kanpaina beste 10-15 egunez luzatu daitekeela uste dute arrantzaleek. “Oraindik berdela badago, eta bakoitzak bere kupoa duenez, hurrengo egunetan ere egongo da”.
Bestalde, biharko [apirilak 8] eguraldi txarra iragarrita dagoenez, ipar-mendebaldeko haizea egon liteke, ontziak lotuta daude. “Eguraldiaren azken iragarpenen arabera, arratsaldean itsasoratu edo ez erabakiko dute askok”.
Arrantzaleak gaur goizean sareak josten eta astintzen
Aurreko egunotako arrantzari dagokionez, atzo [apirilak 6] esaterako, nahikoa antxoa lehorreratu zuten Egidazu Kaian,
30.000 kilo inguru, eta gehiena, freskorako saldu zen. Santoña aldean antxoa handiagoa harrapatu zuten, kiloan 30 ale ingurukoa, eta hori kiloa 4.90 euro inguruan saldu zen. Donostia eta Hondarribia inguruan harrapatutakoa, ostera, zer edo zer txikiagoa izan zen, kiloan 36-50 ale bitartekoa; kiloa, bataz beste, 3 euro inguruan saldu zen.
Martitzenean [apirilak 5], aldiz, berdela nahikoa merke saldu zen, kiloa 80 zentimo bueltan.