Aste Santuko oporretan hasita futbol jokalari gaztez bete da Lekeitioko hondartza. Aurten ere, gogo handiz hartu dute, bai jokalari zein guraso eta herritarrek, Lekeitio Futbol Taldeak antolatu duen 40. Umeen Hondartzako Txapelketa.
Umeak aurtengo txapelketa jokatzen Lekeitioko Isuntza hondartzan. Argazkia: Lekeitio Futbol Taldea
Guztira
312 jokalarik hartu dute parte aurtengo norgehiagokan,
hamazazpi taldeetan banatuta: aurrebenjaminenen lau talde egon dira, benjaminenak bost talde, alebinenak bost talde eta txikienak hiru talde. Finalistak erabakita daude eta
azken partidak domekan [apirilak 17] jokatuko dira,
09:00etatik aurrera.
Parte hartzaile guztiek edukiko dute saria. Sari banaketa, domekako finalen ostean egingo da eta beragaz batera zozketa bat ere egingo dute, “opariak eta antolaketa gastuak ordaindu ahal izateko”. Sari banaketan Futbol Federazioko eta Athletic taldeko ordezkariak egongo direla aurreratu dute Lekeitio FT-ko arduradunek. Horiez gain, nagusien taldeko jokalariak izango dira sariak ematearen arduradunak, taldearen ordezkari modura.
Aspaldiko ohitura
40 urte dira jada Lekeition, Hondartzako Futbol Txapelketak antolatzen hasi zirela, eta ezinbesteko bihurtu dira. Nagusien mailara arte egiten ziren hasieran, baina, urte batzuk badira, jokoa eskolarte mailan gelditu zenetik. Umeen artean onespen handia izaten jarraitzen du eta horren erakusle da izaten duen parte hartze handia.
Lekeitioko eta Lekeitiora oporretan edo aste buruetan etortzen diren bisitariak ere onartzen dituzte, eta horien artean ere ohitura bihurtuta dago txapelketa.
40. Hondartzako txapelketa jokatzen Lekeitioko Isuntza hondartzan. Argazkia: Lekeitio Futbol Taldea
Gero eta gehiago dira, gainera, txapelketara batzen diren neskak. Aurten
44 neskak parte hartu dute, jokalari guztien %14 izan dira, eta urtez urte gehiago izatea espero dute Lekeitio Futbol Taldekoek. Hala ere, mutilen kopurutik urrun daude oraindik:
268 mutilek parte hartu dute 40. hondartzako txapelketan, %86 izan dira.
“Lehen bi txapelketa egiten ziren, Gabonetakoa eta Aste Santukoa. Orain, Gabonetakoa topaketa bihurtu dute eta Larrotegi zelaian jokatzen da gaur egun”.
Lekeitio Futbol Taldeko arduradunek antolaketan lagundu duten guraso eta jokalarien lana eskertu nahi izan dute. “Jokalariak epaile lanetan ere ibili dira eta gurasoek hondartzako azpiegiturak prestatzen lagundu dute”.
FINALEKO PARTIDAK
- 09:00etan.
Aurrebenjaminak: Zirinak-DeabruakAlebinak: Burugogorrak A-Lehoiak
- 10:00etan.
Benjaminak: Kirriskarroak A-Kirriskarroak B
Txikiak: Asunto-X Taldea