Egunotan antxoa asko lehorreratu dute Ondarroako Egidazu Kaian. Azken egunak oso oparoak izan dira, eta antxoa kanpainako kopururik gehien lehorreraratu dute egunotan. Kalare Deuna kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, asteon 730 tona antxoa porturatu dituzte baxurako ontziek.
Azken hiru egunotan antxoatan dabiltzan arrantzontzien joan-etorria handia izan da, gainera. Portua, esaterako, ohi ez modura, ontziez beteta egon da. Portua ez eze, kostaldea ere ontziz beteta ikusi da egunotan. Martitzen [apirilak 12] gauean, esaterako, arrantzan zebiltzan baxurako ontzien argiek bete zuten itsasoko ortzimuga. Mutrikutik hasi eta Lekeitio bitartean arrantzontziak sareak botatzen ikusi ahal ziren.
Bentako arduradunak antxoa kontaketa egiten, gaur goizean
Kofradiako datuei erreparatuz, martitzenean [apirilak 12] 267.000 kilo antxoa saldu ziren bentan. Tamaina aldetik, oro har, txikia izan zenez, merke saldu zen. Bataz beste, kiloa 1,50 euroan saldu zen.
Eguaztenean [apirilak 13], ostera, harrapatutako arraina handiagoa izan zenez, kiloan 27-37 ale ingurukoa garestiago saldu zen. Alerik txikienak 2,70 euroan saldu ziren eta handienak, ostera, 6,80 euroan kiloa; bataz beste, 3,05 euroan. Guztira, 283.000 kilo porturatu zituzten, martitzenean baino zer edo zer gehiago.
Gaur [apirilak 15] ere harrapaketa kopurua handia izan bada ere, aurreko bi egunotan baino zer edo zer gutxiago saldu da Ondarroako bentan. Guztira, 180.000 kilo. Tartean, ale handiren bat edo beste egon bada ere, oro har, antxoa gaztea saldu da, kiloa 40-50 ale ingurukoa. Hortaz, antxoaren prezioak atzotik hona nabarmen behera egin du; bataz beste, 1,46 euroan saldu da kiloa.
Baxurako arrantzaleak antxoa deskargatzen gaur goizean
Antxoa gutxiago saldu bada ere, gaur ere, bizi-bizi egon da portua. Han eta hemen, ilada luzeak sortu dira. Ontzi gehienak, 10:00ak bueltan sartu dira, aldi berean, eta hortaz, portuan lotu eta arraina deskargatzeko batak bestearen zain egon behar izan dute. Horrez gainera, antxoa kontatzerako eta pisatzerako orduan ere, ilada luzeak egon dira. Portuan ez eze, arraindegietan ere ilada luzeak ikusi dira eguerdian, antxoa freskoa erosteko zain.
Bestalde, ontziak hornitzeko izotzik gabe jarraitzen dute portuan, Santa Klara izotz fabrikako istripua gertatu eta hilabetera. Eusebio Arantzamendi kofradiako presidenteak nabarmendu duenez, “ahal duten tokitik” ari dira izotza kamioetan ekartzen.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.