Berriatuan hasi eta amaituko da Emakumeen Biraren zapatuko etapa
15:30ean hasiko da lasterketa. Berriatuan irteera neutralizatua egingo dute. Handik Ondarroara joan, eta hango Ertzain etxearen paretik ekingo diote probari.
105 kilometro inguruko ibilbidea egingo dute txirrrindulariek. Besteak beste, Ondarroa eta Lekeitio artean ibiliko dira, eta Millioiko mendatea hirutan zeharkatuko dute.
Atzo egin zuten 3,3 kilometroko aitzin etapan Lotta Lepisto finlandiarra nagusitu zen, lau minutu eta hamabi segundoko denboragaz. Claire Rose britainiarrak eta Carmen Small estatubatuarrak osatu zuten podiuma. Bigarrena, irabazlearengandik lau segundora sailkatu zen, eta hirugarrena, berriz, zortzi segundora.
22 taldetako 130 bat txirrindulari ari dira lehiatzen Emakumeen Bira.
Gaur Eskoriatzan
Txirrindulariek 76,6 kilometroko etapa egingo dute gaur. Eskoriatzan (Gipuzkoa) hasi eta amaituko dute etapa. Bihar, ostera, 109,5 kilometroko etapa burutuko dute Etxarri Aranatzetik (Nafarroa) Urkiolara bidean. Hain zuzen ere, biharkoa izango da mendate batean amaituko den etapa bakarra. Otxandiotik igoko dira Urkiolara, eta hango santutegi inguruan egongo da helmuga.
Domekan Portugaleten amaituko da aurtengo Emakumeen Bira. Azken etapa 75,8 kilometrokoa izango da, eta aurreko etapak ez bezala goizez egingo dute. 11:30ak aldera ekingo diote azken probari.