Gaxure, Leartiker zentro teknologikoan sortutako produktu gastronomiko berritzailea aurkeztuko dute datorren martitzenean Bilboko Yimby aretoan. Proiektuaren sustatzaile taldeagaz gain, Imanol Pradales, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapen diputatuak eta Peli Manterola, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak hartuko dute parte ekitaldian.
Leartiker zentru teknologikoan ikertzen.
Horrez gain, produktuaren erabilera ezberdinak ikusteko sukaldaritza erakustaldi bat egingo du, aurkezpenean, Paul Ibarra sukaldariak, Bilboko Euskalduna Jauregiko Etxanobe jatetxeko I+G saileko arduradun eta Bilboko Los Fueros jatetxeko buruak. Beraz, ekitaldian Gaxure dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek.
Leartiker zentro teknologikoak, Lea-Artibaiko Landa Garapen Elkarteak, MIBA kooperatibak eta Barroeta eta Txori Errota gaztandegiak elkarlanean, gatz-ura oinarri hartuta sortu duten produktua da, Gaxure. «Gaztandegietan gazta egiterakoan nutrienteetan oso aberatsa den hainbat litro gatz-ur sortzen dira, eta kontraesana badirudi ere, nutrienteetan aberatsa izateagatik ingurugiroan inpaktua sortzen du azpiproduktu honek», azaldu dute. Hori dela eta, gaztandegiak derrigortuta daude gatz-ur hori tratatzera.
«Beste lurralde batzuetan bildu, transformatu, osagaiak banatu eta industria ezberdinetako produktuetan erabiltzen dute, adibidez, industria farmazeutikoan. Baina gure lurraldearen orografia, gaztandegi artisauen lokalizazioa eta logistika arazoak direla medio, gatz ur hau animalien elikadurarako erabiltzen da».
Gourmet produktua
Arazo horren aurrean eta gazta egiterakoan sortzen den gatz-urari irtenbide bat emateko, orain dela lau urte martxan jarri zen proiektu baten emaitza da Gaxure. «Gatz-ura 100%ean erabiltzen da eta gaztandegiek inbertsio handirik egin gabe produzitu dezakete Gaxure, beraien negozioa dibertsifikatuz eta gatz-urari beste irtenbide bat emanez. Produktu artisau bat da eta gourmet bezala sailkatuta dago».
Gaxure sortzeko prozesuan, «produktu erakargarri bat sortzeko asmoz», ikerketa lan-taldea goi mailako sukaldariekin elkarlanean aritu dela jakitera eman dute. Produktuarekin batera errezeta-sorta bat ere sortu dute. «Produktu berritzailea denez, erabilera posibleak ezagutzera emateko».
Gaztandegi artisau guztiei eman nahi diete gatzur krema, egiteko aukera. «Momentu honetan gaztandegi bakarra ari da produktu berritzaile hau produzitzen eta merkaturatze fasean dago, baina beste gaztandegi batzuk ere agertu dute Gaxure produzitzen hasteko interesa».
Produktua azoka ezberdinetan aurkeztu dute eta onarpen handia izan duela nabarmendu dute sortzaileek.