Nahia Quincoces eskiatzaile mendexarrak
BAT Basque Team-eko goi mailako kirola sustatzen duen beka programa lortu du. Mendexarrak atzo [apirilak 13] goizean sinatu zuen bekaren kontratua Olatz Legarza koordinatzailearekin batera Getxon, fundazioaren egoitzan.
Legarza eta Quincoces kontratua sinatzen. Argazkia: BAT
Fundazioko ordezkariek nabarmendu dutenez, Quincoces beka programara batzeko garaian mendexarrak mendiko eskian azken urteotan izan duen
“garapen ikaragarria” kontuan izan dute. Mendi eskiko Nazioarteko Federazioaren zerrendan 13. postuan dago, esaterako.
Otsailean, Transcavallo-ko (Italia) Munduko Kopan oso emaitza ona lortu zuen, eta Marecottes-en (Suitza) jokatutako mendi eskiko Europako Txapelketan ere bikain aritu zen.
Nahia Quincoces eskiatzaile mendexarra. Argazkia: BAT
Urtebeterako beka sinatu du mendexarrak, eta BAT taldean sartzearekin oso pozik dagoela azpimarratu du. Otsailaren bukeran Altitoy-ko proban erorikoa izan zuen, eta ordutik hona ezin izan du goi mailako txapelketetan parte hartu.
Quincocesek aurreratu duenez, martitzenean [apirilak 19] ebakuntza egingo diote, lotailuetan duen arazoa konpontzeko. “Aurreikuspenen arabera, sei bat hilabete beharko dut neure onera bueltatu, eta lehiatzeko. Nire ustez, hurrengo denboraldia hasi orduko, ondo egongo naiz”.