Ondarroako Berdintasun Sailak antolatuta,
Euskal estatugintza feminista eta feminismoaren oinarri politiko eta filosofikoak ikastaroa egingo da gaur [apirilak 15] eta bihar [apirilak 16], Etxelilan. Gaurko saioa 17:00etatik 21:00etara egingo da, eta biharkoa, ostera, 10:00etatik 14:00etara. Antolatzaileek gogorarazi dutenez, Emakumeentzako Jabekuntza Eskolako ikastaroetan egin modura,
aurretik eman beharko da izena.
Jule Goikoetxea Mentxaka EHUko irakasle eta ikerlaria
Jule Goikoetxea Mentxaka EHUko irakasle eta ikerlariaren eskutik,
bi gai nagusi jorratuko dira. Batetik, feminismoaren oinarri politiko eta filosofikoak zeintzuk diren ikusiko da. “Errepaso bat egingo dugu: generoa zer den, androzentrismoa… Gure egungo sistema politikoa, ekonomikoa eta gure jendartearen oinarri filosofikoak patriarkalak diren heinean, patriarkatua zer den ere ikusiko dugu”. Bestetik, eztabaidatu eta parte hartzeko aukera ere egongo da. “Praktika txiki bat egingo dugu zenbait kontzeptu barneratzeko eta ostean, Euskal Estatu Feminista zer den ikusi, zertan datzan edo zer izan beharko lukeen eztabaidatuko dugu guztion artean”.
Erakusketa, Etxelilan
Bestalde, 7 Emakume en Movimientok antolatuta, Angela Etxebarria ondarrutarraren margo lanen erakusketa zabalik dago Etxelilan apirilaren 29ra arte. Erakusketa honako ordutegian zabalik egongo da: martitzenetik domekara, 16:30etik 20:30era.