Goi mailako ardi txakur txapelketak ospatuko dira bihar eta etzi, Markina-Xemeingo Larruz eta Igotz zelaietan. ABCT lehiaketako eta Lehen klaseko lau txapelketa lehiatuko dituzte herrialde ezberdinetatik etorritako parte hartzaileek, goizez eta arratsaldez.
Ardi txakur txapelketa.
Guztira
31 izango dira bi lehiaketetan ariko diren
parte hartzaileak. Horrela, lehen klaseko hamasei txakurren lana ikusteko aukera egongo da Igotz zelaian, eta bigarren klaseko beste hamabost txakurrek emango dute erakustaldia Larruzen.
Ordutegi berdina edukiko dute zelai bietako parte hartzaileek. 08:30ean epaileen azalpenak entzun eta 09:00etan hasiko dira lanean txakurrak. 13:00ak arte izango dute goizeko saioa, arratsaldean, berriz, 15:00etatik 19:00etara ariko dira ardiei agintzen.
Nazioarte mailakoa
Larruz gaztak eta Baskaran gaztak, Markina-Xemeingo Udalaren eta Dima Whistlesen laguntzagaz, antolatutako txapelketak, nazioarte mailako txakurrik onenak batuko ditu. Horrela, bertokoez gain, Madrilgo (Espainia), Herrialde Katalanetako eta Asturiasko txakurrak lehiatuko dira, besteak beste Igotzeko zelaian, eta Lea-Artibaiko ordezkari bat ere egongo da euren artean, Markina-Xemeinen bizi den Leila Ortiz.
Larruzko zelaian, bestalde, esperientzia handiagoko txakurrak egongo direla zehaztu dute antolatzaileek, nazioarte mailan lehiatzen dutenak: Frantzia eta Portugaleko parte hartzaileak, Herrialde Katalanetakoak eta Euskal Herrikoak. «Epaile bat Frantziako txapeldun izandakoa da hiru urtez eta Portugaleko txapelduna, munduko txapelketan egondakoa ere egongo da gure artean» jakitera eman dute antolatzaileek.
Markina-Xemeingo txapelketa ABCT elkarteak antolatzen duen ligarako puntuagarria izango da eta munduko txapelketara joateko puntuak ere eskuratuko dituzte parte hartzaileek.