Aranzadi Zientzia Elkarteak 36ko gerrako beste bi gudariren gorpuzkiak hobitik atera zituzten atzo [apirilak 17], Etxebarriko Zelaietaburu muinoan. Joan den martxoaren 5ean berreskuratutako gudari baten gorpuzkinen ondoan zeuden biak, Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak jasotako testigantzek zioten bezala. Izan ere, testigantzen bidez ailegatu dira historiazale, ikerlari eta zientzialariak kokapen horretara. Bi familietako neba arrebek horren berri izan zuten etxean, umetatik entzunda edo etxekoek kontatuta, eta kontakizun horreri esker, hiru gorpuzki berreskuratu ahal izan dira Zelaietaburun.
Zelaietaburuko hobia. Argazkia: Gotzon Almaraz/Ahaztuen Oroimena
Martxoaren 5ean lurpetik atera zuten lehenengo gorpuzkia eta atzo beste biak. Eguraldia zela eta, martxoaren 5ean ezin izan zuten aurrera jarraitu hobitik ateratze lanekin, eta atzo [apirilak 17] amaitu zuten hasitakoa, beste bi gudariren gorpuzkiak aurkituz.
Aranzadi zientzia-elkarteko teknikari talde batek egin zituen atzo ere, gorpuzkinak ateratzeko lanak. Haiei laguntzen egon ziren, era berean, ikerketa sustatu duen
Ahaztuen Oroimena. Markinaldeko Frentea 1936 elkarteko kideak.
“Zientzilariek buruzgora aurkitu zituzten biak, nahiko egoera txarrean, deseginda, eta beraz, itxura batean oso gaitza izango da nortzuk diren jakitea”, adierazi dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek. Hala ere, gorpuzkiak Aranzadikoen esku geratu dira azterketak egin ahal izateko.
Gorpuzkien ondoan hortz eskuilak, gerrikoen belarriak, urrezko hortzak, txanpon bat eta hortz protesi bat ere aurkitu dituzte.
Omenaldia
Gorpuzkiak hobitik ateratzeagaz gainera, omenaldi bat ere egin zitzaien inguru hartan borrokatu zuten gudari eta borrokalari antifrankista guztiei. Lora eskaintza bat eta azken agurra dantzatu zituzten, euren omenez.
Zelaietaburun gudariei egindako omenaldia. Ekitaldian hartu zuten parte Etxebarriko alkateak, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak, Aranzadi eta Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek eta testigantza eman duten Pilar San Martin eta Santi Retolazak eta haien senideek. Argazkia: Ahaztuen Oroimena
Aranzadi eta Ahaztuen Oroimena elkarteko kideez gain, ehorzketa-lanak egiten ari diren lekuan egon ziren Jesus Iriondo Etxebarriko alkatea, Monica Hernando Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendaria eta Elgoibarko Udaleko eta Elgoibar 1936 elkarteko ordezkariak.
Hiru gizon
Ekitaldian egon ziren bai eta gertaeren testigantza eman duten
Pilar San Martin eta
Santi Retolaza ere, bere familiekin. “Zelaietaburun dagoen Soarte baserriko Pilar eta Jose Mari San Martin neba-arrebak jolasean ibiltzen ziren inguru haietan umetaz, eta aititak kontuz ibiltzeko esaten zien, leku hartan gizonak lurperatuta zeudelako”, azaldu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek.
Zelaietaburuko hobia, gorpuzki eta krabeliñekin. Argazkia: Gotzon Almaraz/Ahaztuen Oroimena
Ignazio eta Santi Retolazari, ostera, aitak kontatu zien istorioa. “Mariano Mendikute argiketaria zen. Berak lan egiten zuen fabrikak argia banatzen zuen eta kableak konpontzen ibiltzen zen. Handik hurre dagoen Belaustegin zegoela, hiru hildako zeudela enteratu eta kableak jarri behar zituen aitzakiagaz ikustera joan zen, ezagunen bat zen jakin nahian, bere anaia ere falta zen eta. Horrela, hiru gizon ikusi zituen lurrean, oraindik lurperatzeko”, kontatu dute Ahaztuen Oroimenakoek.
1937 urtean gertatu zen hori, baina, handik urteetara, semeekin Kalamura egindako irteera batean gertaera kontatu zien semeei eta horiek testigantza hori helarazi diete, Lea-Artibaiko elkarteko kideei, aurkikuntzari bidea emanez.
Bisita gidatua eta panela
Bi familia horietako testigantzekin egin duten modura, informazio gehiago jasotzen eta kokatzen jarraituko dutela aitatu dute Ahaztuen Oroimena elkartekoek. Horrez gain, Egixarren, inguru hartan gertatutako borrokako informazioa eta kokalekuak ezagutzera emango dituen informazio panel bat jarriko dutela aurreratu dute, eta bestalde, Kalamura bisita gidatu bat ere antolatuko du taldeak, 36ko gerrako interesguneak ezagutu ahal izateko.
AURREKO ALBISTEAK: