Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren 2016 Bidea egitasmoa martxan da. Martxoaren 27an, Donostia eta Zarautz arteko etapagaz ekin zioten ekimenari, eta urriaren 30ean egingo dute azken etapa Pasaia eta Donostia artean.
Izan ere, 2016 bidea proiektuaren asmoa, 32 etapatan Euskal Herriko bost probintzia igarotzea da, ia 6.000 kilometro inguru eginez. Horietatik, bost etapa egingo dituzte Bizkaian.
Apirilaren 10ean, Debatik Markina-Xemeinera heldu zen ekimena, eta aurreko domekan, Markina-Xemeindik Gernika-Lumora arteko ibilbidea egin zuten.
Larrua lurraren kontra izeneko domekako laugarren etapan 110 bat herritarrek parte hartu zuten. Herri batean zein bestean frontoiak eta pilotak izan duen garrantzia gogora dakar izenburuak.
Partaideak Arratzuko Erdi Aroko Artzubi zubitik igarotzen. Argazkia: Goizalde Mendi Taldea.
Ibilaldian Euskal Herriko txoko desberdinetako bizilagunek hartu zuten parte. “Donostiatik autobus bat beteta etorri zen, eta beste autobus bat ere ia bete zen. Gernikatik hamabost pertsona inguru joan ginen, eta Markiñatik ere jende nahikotxo animatu zen”, zehaztu dute Goizalde Mendi Taldetik.
Hain zuzen ere, Gernika-Lumoko Goizalde Mendi Taldearen eta
Club Camping Vasco-Navarroren gidaritzapean burutu zuten ibilaldia. 25 kilometroko ibilbidea egin zuten partaideek, Markina-Xemeingo Kareaga industrigunetik irtenda, Ziortza-Bolibar, Munitibar, Mendata, eta Arratzu, eta Ajangiztik igaro ziren Gernika-Lumora heldu aurretik.
Olazarrako burdinolatik pasatu ziren. Argazkia: Goizalde Mendi Taldea.
Rober Garay artista gernikarraren eskutik
Land Art ibilbidea ezagutzeko aukera izan zuten parte hartzaileek. Ziortza-Bolibarko plazan,
Land Art-en lantzen den kontzeptu orokorraz mintzatu zen Garay. Munitibarko plazan egin zuten bigarren geldialdian, artea paisaiaren interpretazioaren arabera azaldu zuen, eta azkenik, Arratzuko Elexalde auzoan hark egindako sorkuntzak erakutsi zituen. Gernikarrak errekan harriekin osaturiko eskultura bitxiak egin zituen.
Rober Garay artistaren sormen lanak. Argazkia: Goizalde Mendi Taldea.
Gernika-Lumora ailegatzean, Jaia Alai frontoian zesta-punta erakustaldiaz gozatu, eta batzuek zesta-puntan duten abilezia frogatzeko aprobetxatu zuten. Jai Alai zesta punta eskolako gaztetxoen bi bikotek partida bat jokatu zuten, eta halaber, eskolako kideen eskutik frontoiak arkitektonikoki duen garrantzia ezagutzeko aukera izan zuten.
Domeka honetan, Gernika-Lumo eta Durango artean egingo dute bosgarren saioa.
Paisaia eta ikuspegi ederrez gozatzeko ibilaldia izan zen. Argazkia: Goizalde Mendi Taldea.